Aizkorriko gaztagileak eta Aizkorpeko ganaduzaleak saritu dituzte San Martin ferian
Aizpea gaztandegiak irabazi du Aizkorri-Aratz natur parkeko gazta lehiaketa. Jose Inazio Aldasoro albaitaria omendu dute ekitaldian.
Barru giroa eginagatik jendea ez da etxean gelditu, eta San Martin feria jendetsua egin dute gaur Zegaman. Ganadu erakusketa, gazta eta beste produktu batzuen ekoizleak eta artisau postuak jarri dituzte frontoian, eskolako patioan eta inguruko kaleetan. Herriko txistulariak aritu dira giroa berotzen, eta taloak eta gaztaina erreak ere egin dituzte.
Eguerdiko ordubatetik aurrera egin dute sariak banatzeko ekitaldia. Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketan Aizpea gaztandegiak eraman ditu txapela eta lehen saria. Bigarrena Azkarra gaztandegiarentzat izan da, eta La Lezek hirugarren saria jaso du. Aurten, 15 gaztagile aurkeztu dira lehiaketan. Mikel Etxarri entrenatzailea, Ane Etxezarreta Realeko jokalaria eta Iñaki Elortza kirol kazetaria aritu dira, besteak beste, epaimahaiko lanetan.
Herriko ganaduzale onenen sariak ere banatu dituzte. Ekitaldi berean, Jose Inazio Aldasoro albaitari zenari omenaldia egin diote. Ekitaldiko momenturik hunkigarriena izan da. Itziar haren alargunak jaso ditu oroigarria eta lore sorta, eta Iker Zubeldiak bertsoa eskaini dio, “zauden lekuan egonda ere gurekin egongo zera” esanez. Ikusle nahiz sarituek txalo zaparrada eskaini diote.
Aizkorri-Aratz parke naturaleko 21. Gazta Lehiaketa
- 1.saria: Aizpea (Olaberria)
- 2.saria: Azkarra (Galarreta)
- 3.saria: La Leze (Illarduia)
Herriko abeltzainen erakusketa eta lehiaketa
- Ardiak. Patxi Katarain.
- Bildotsak. Barrenategi ustiategia.
- Ahuntzak. June Lasa.
- Antxumeak. June Lasa
- Pirenaika behiak. Imanol Ruiz de Egino
- Behi mestizoak. Juan Kruz Arrizabalaga
- Behi suitzarrak. Imanol Ruiz de Egino
- Zezenak. Andres Zabaleta
- Zaldik. Iker Zubeldia
- Etxeko behorrak. Javier Arrondo
- Mendiko behorrak. Joxe Mari Esnaola
Bi zozketa
Behin lehiaketako sariak banatuta, bi zozketatako sariak ere banatu dituzte segidan. Aurrenekoa, Gazte Erexakoen antolatutako saskia izan da. Ainara Arrietak jaso du. Udalak baserritarrez jantzi direnen artean -47 guztira- cava, sagardo eta gazta lote bat ere zozkatu du.