Ataunen eta Araman, festak aterpean
Ataunen eta Araman euripean ari dira San Martin jaiak ospatzen. Aterpeko ekitaldietan bilatu dute, ordea, goxotasuna eta giroa.
Festarako eguraldi txarrik ez dagoela diote, baina aurten eguraldia ez da askorik akordatu San Martin jaiekin. Hala ere, euriak ataundarren eta aramarren festarako gogoa zapuztu, eta aterpeko ekitaldietan bilatu dute babesa.
Araman pilotalekuan egin dituzte umeentzako jolasak, eguerdian. Ondoren, udal eraikin berriko areto nagusian elkartu dira herritarrak, bazkaltzeko. Iluntzetik aurrera, mozorro gaua egingo dute, gaitzat Mexiko hartuta. Soinu banda ezinhobea aukeratu dute okasiorako, gauerditik aurrera, Zopilotes Txirriaos taldeak joko baitu.
Ataunen berriz, umeen eguna izan dute gaurkoa. Goizetik puzgarriak eta ginkana izan dituzte, eta ondoren bazkaria. Arratsaldean berriz, mozorroak egiteko tailerrak egin dituzte, eta ondoren, zunba saioa, mozorrotuta. Iluntzean helduen txanda izango da mozorrotzeko, eta sagardo dastaketa eta afaria izango dituzte gero. Gau giroa alaitzeko, Trikoma eta Gabenara taldeak etorriko dira.
Bihar, mondejua eta gaztainak
San Martin bezperarako, garaiari lotutako bi jaki gorde dituzte; ataundarrek mondeju lehiaketa eta azoka egingo dituzte eguerdian, eta aramarrek gaztaina jana iluntzean. Ataunen, gainera, Otsoak Dantza Taldearen ikuskizuna (17:30) eta bertso saioa (19:30) dituzte biharko antolatuta.