Beasaingo EH Bilduko udal taldeak lehen lau hilabeteotako balorazioa egin du
EH Bilduren ustez 3 batzordeko funtzionamenduak «gabeziak» ditu eta «ez du ahalbideratzen herritarren parte hartzea ezta oposizioaren lana». Udal aurrekonturako lehentasunak eta proposamenak ere aurkeztu ditu.
Beasaingo udal korporazio berria eratu zenetik lau hilabete pasatu direnean, EH Bilduk «denbora honetan ikusi ditugun zenbait gaien inguruko irakurketa partekatu» nahi izaten dute herritarrekin. «Hasieratik azaldu genuen 3 batzordetako antolaketa ereduak, organizatiboki balio zezakeen arren, gabeziak zituela gaiak lantze-aldera». Honela, hileko batzorde bakarrak, gaiak behar bezala ez tratatzea dakarrela uste du EH Bilduk, «eta noski ez du ahalbideratzen herritarren parte hartzea ezta oposizioaren lana». Beraz, Herritarren batzordeak dituen «gai anitzak» ikusirik eta «herritarrak erdigunean jartzeko xedez», politika sozialen aparteko batzordea proposatu zuten, «baino ezezkoa jaso genuen».
Alkatearen eta alkateordearen soldata eta asignazio ekonomikoaren arloan, «gure ezezkoa argi azaldu nahi izan genuen: «Eudelek ezarritako zenbatekoak badira ere, gehienezko mugan gaude eta soldata hau irizpide horien baitan erabaki behar badira ere, herritar kopuruaren araberakoa izatea proposatu genuen baino ez zuen aurrerabiderik izan».
Bestalde, hainbat esleipen proposamenen aurrean, azpikontratazioen aurka azaldu da EH Bildu, «jakitun izanda zerbitzu horiek kontratatzeko modua hori zela, udala langileen lan baldintza duinak bermatzen direnaren arduradun dela azalduz, proposamen bat luzatu genuen: kontratazio baldintzetan enpresa esleituari langileen nominak eta gizarte segurantza ordainketak egiten direnaren ziurtagiriak udalari 3 hilez behin ematea. Onartu zen proposamena eta hurrengo azpikontratazio zerbitzuetan ere horrela exijituko dugu».
Udal tasetan abstenitu egin dira, «eduki aldetik, eta bereziki forma aldetik nola landu diren zalantzak» sortu zaizkielako: «Berriz ere horrelako gaiak gutxienez batzordeetatik bi aldiz pasa beharko luketela azaldu genuen, behar bezala hauek adostu ahal izateko».
Azkeneko udalbatzan, berriz, arau subsidiarioen aldaketarekin, «etxebizitza politikaren bi ereduen talka» garbi geratu zela uste du: «Lur eremu bat deskalifikatuz, babes ofizialeko etxebizitzak egitea salbuesten da. Etxebizitza mota hauek izan beharko lukete lehentasun, herritarrek etxebizitza eskuratzeko izan ditzaketen oztopoei erantzunez. Eta ez igerilekua izango duen 48 etxebizitza libreen hautua, udal gobernuak egin duen moduan».
Udal aurrekontuari begira
Azaroko udalbatzan 2020ko udal aurrekontua onartuko da eta EH Bilduk «lehentasunezkoak» diren hainbat proposamen egin ditu. Berdintasun arloan, azaroan teknikariari kontratua amaitzen zaiola kontuan izanda, «Argi dugu teknikari bat beharrezkoa dela, modu esklusiboan, era trinkoz, zeharlerro modura udal eta herri osora berdintasuna lantzeko. Lanpostu estrukturala da eta ez ditugu partxeoak nahi, erantzun eta konpromezu sendoak baizik». Bestetik, Gazteri saila berrezarri nahi du, «premia ere oso nabaria» delako.Bestetik, Karobia kalea eta parkea berregituratuko duen proiektua eta Arantzazu-Mateo Mujika eta Bista-alaiko igogailuen proiektuak kontratatzea, Bista-alai auzoa birgaitzea, Plangintza Energetikoa egitea –aurrezkia eta sorkuntza–, Mugikortasun Plan Jasangarri eta Iraunkorra egitea eta Aranealde elkarteko dinamizatzailearen lan orduak handitzea proposatu ditu. «Aipaturiko gure proposamenek partidetan isla duten edo ez, horren arabera definituko dugu gure jarrera aurrekontuarekiko». Azkenik, hurrengo urterako «aurrekontu partehartzaile batzuk egiteko proposamena luzatuko dugu, beasaindarron artean erabaki dezagun gure diruarekin zer egin».