Hondakinak biltzeko kamioi elektriko berria aurkeztu du Sasietak
Segurtasuna, energia aurreztea eta ibilgailuaren bizitza luzatzea lortu nahi dute. Irizarren Adunan duen lantegian fabrikatuko dituzte. Eskoletan kanpaina hasi dute
Lau urte eta erdi eta 11,1 milioi euro behar izan dira hiri hondakinak biltzeko kamioi elektrikoa garatzeko eta sortzeko. FCC Medio Ambiente eta Irizar e-mobilty enpresek egin dute kamioia, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatu da, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeritzaren babesean, Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroaren bidez (GTIZ).
Kamioiaren prototipoa probatzen ari dira toki desberdinetan eta atzo, Beasainen aritu zen edukiontzi marroiko hondakin organikoak biltzen. Izan ere, Sasietakoen esanetan, «hemen organikoaren bilketa ondo egiten denez, ohikoa baino pisu handiagoa izaten du edukiontziak eta kamioiaren palankak neurtu nahi izan dituzte».
FCCeko Jesus Pajaresek gogoratu duenez, kamioi elektrikoaren proiektuarekin segurtasuna, energia aurrezpena eta ibilgailuaren bizi iraupena luzatzea izan dute erronka. Segurtasunari lotuta, kamioiaren kabinaren diseinu berritzailearekin baxua eta aurreratua, ikusgaitasun handiagoa izango du gidariak, «angulo hil gutxiago izango baititu», istripuak saihestuz. Era berean, gidariaren segurtasunari begira ere egin dituzte hobekuntzak: besteak beste, kabinara igotzeko koska txikia 30 cm. Lau lagun joateko tokia izango du gainera kabinak.
Energia arloari dagokionean, elektrizitatearekin eta gasarekin ibil daitekeenez, aurrezpen energetikoa, emisioen murrizketa eta errendimendua hobetu dituzte. «Diesel kamioi batek baino %50 eneregia gutxiago behar du ». Hiri barneko kutsadura ere gutxituko du, bai hotsarena bai emisio kutsakorrena ere. Bestalde, ibilgailuaren bizitza luzatzea lortu nahi dute.
Adunako Irizarren
Ibilgailu berria Adunako Irizar e-mobility enpresan egingo dute eta seriean egingo dituzten lehenengo 10-15 ibilgailuak Bartzelonarako izango direla aurreikusten dute.
Eskoletako kanpaina
Bestalde, Sasietako gaiekin jarraiutz, aurten ere abiatu dute ikastetxeei zuzenduriko Ingurumen-heziketa kanpaina. Dagoeneko 8. edizioa da aurtengoa. Iaz bezala, aurten ere, 33 ikastetxeek eta 1.500dik gora ikasleek parte hartuko dute kanpainan.