Mondejugile onena Leire Morea
Lehenengo aldiz parte hartu, eta Leire Moreak irabazi du Ataungo X. Mondeju Lehiaketa. Adelita Apalategi Kaxetakoa goraipatu dute. 95 lagun izan dira jubilatuen azken jaian
Bukatu dira Ataungo San Martin jaiak, hasi eta buka euripean. Ostegun arratsaldean haurrek txupinazoa eta bertso bidez pregoia bota zutenetik, euritsuak baina jendetsuak izan dira, egunero.
Ataungo X. Mondeju Lehiaketan zortzi lagunek aurkeztu dituzte mondeju beltzak, igandean. «Oso kopuru garrantzitsua da», esan dute Jentilbaratza elkarte antolatzailekoek. Leire Moreak irabazi du, aurkeztu den lehenengo aldian. Bigarren saria hirukote batek jaso du: Ane Tapiak, Egoitz Goikoetxeak eta Mikel Dorrontsorok. Hirugarena, Xabier Antzak.
Epaile, Iker Markinez (Kukokoa), Maite Garmendia (Maitte), Santos Aldasoro (Beasaingo Arranokoa), Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran aritu dira.
Sorpresaz hartu du lehen saria Leire Moreak. «Proba egiteko eman nuen izena, egia esan. Iaz Mikel anaiak parte hartu zuen, eta geure artean zirika ibili gara, nork hobeak egin, broman. Txikitatik ezagutu dugu mondejuak eta odolkiak egiten, gurasoen etxean edo osabarenean. Hori bai, guretzat mondejua zuria izan da —Ikaztegietakoa da—, eta txerri odolarekin egindako beltzak, odolkiak», zioen atzo Moreak. «Poz galanta» eman dio sariak; «egiten segiko dut orain».
Kaxetako Adelita Apalategi Arratibeli oroigarri berezia eman diote, Mondeju Beltzaren Lagun izendatuz, «janari honengatik bere bizitzan burutu duen lana goraipatuz eta aitortuz». Fermin Jauregi semeak jaso zuen oroigarria, haren izenean.
Jubilatuekin, agur
San Martin eguna atzo ospatu zuten, azken jardunaldia. Jubilatuen bazkarian 95 lagun izan ziren, Bittorrenean. Salda hartu zuten karpan aurrez, Mikel Tapiaren eta Iban Urdangarinen bertsoak entzunez. Tailerreko zubian, berriz, lau artzainek zakurrekin ardi maneiatze erakustaldia egin zuten: Oñatiko Tomas eta Migel, Oteiza nafarra eta Aitor Tato ataundarra aritu ziren, 8 minutuan, ohiko lanetan.
Sarako (Lapurdi) alkatea eta zinegotzi bat Ataunen ziren, atzo. Senidetuta daude bi herriak, eta bisita itzuli diete.
Mus txapelketa Ibai Arratibelek eta Josu Munduatek irabazi dute. Tokakoa Axier Irazustabarrenak; Joxemari Barandiaranen eta Eneko Erauskinen aurretik. Patata-tortilla lehiaketa, berriz, Maider Urdangarin eta Intzara Aierbe ama-alabek, 20 bat tortillaren artean.













