Ile apaindegi bat erakusketa leku
Juan Kruz ile apaindegia legazpiar artisten obren erakusketa leku izaten ari da aurten. Horrela ospatzen ari dira arte espazio bilakatu zutela 10 urte bete direla. Salmeronen lanak jarri dituzte.
Ez da herri askotan ile apaindegi bat arte erakusketa gune bi-hurtuko. Legazpin orain hamar urtetik Juan Kruz ile apaindegia arte galeria xumea da. Aurten, urteurrena ospatzeko, bertakoen lanak erakusten ari dira; artista bat hileko gutxi gorabehera.
Gorka Salmeronen argazki lanekin inauguratu zuten orain hamar urte erakusketa espazioa, eta aurtengo azkena berak jarri du. Beste obra bilduma bat erakustekoa zen arren, abenduaren 11n Carlos Ausserladscheider artista legazpiarra hil zela urtebete izango denez, haren lanetik asko edan zuen Polaroid argazkiekin egindako obra ikusgai jarri du Salmeronek ile apaindegian.
Erakusketa espazio bihurtzeko ideia Gorka Salmeronek sustatu zuela dio Juan Kruz Fernandez ile apaindegiko jabeak, «berea izan zen lehenengo era- kusketa, eta ondoren proposamenak egin zituen. Egia da, hala ere, niri ere artea gustatzen zaidala». Ile apaindegian, esaterako, Jorge Oteizaren hamalau apostoluen erreprodukzioa dauka Fernandezek, Arantzazuko basilikako aurrealdean dagoena.
Artista askoren lanak erakutsi dituzte hamar urteotan. «Batzuk ia profesionalak eta kontsakratuak ziren, eta ederra izan da izen handiko galerietan erakusten ari balira bezala muntatu dituztela gurean ere», dio Fernandezek, eta Salmeronek gehitu du, «akaso, besteetan erakutsiko ez lituzketen lanak erakusteko ausardia izan dute gurean».
Hasieratik Legazpitik kanpoko artisten lanak bertara ekartzea izan da proiektuaren asmoetako bat. Bestea, bertakoei aukera ematea.
Aurtengo programa aldatuarazi zuen Ausserladscheiderren heriotzak. Hari eskainitako erakusketa integratu zuten egitarauan. Azpimarra egin diote, bestetik, Juan Mari Burgerak eramandako bildumari non, legazpiar askoren harridurarako, bere marrazkiak erakutsi zituen batez ere. Maixabel Balondoren lanak izandako harrera ere nabarmendu dute. Aurten, Ester Agirre eta Txo! kolektiboko kideak ere pasa dira ile apaindegia den arte espaziotik.
Ausserladscheider
Salmeronek, bide batez, aurreratu du, Gabon partean, eta Legazpiko Udalaren laguntzarekin zein Burdinola elkartearen babesarekin, Carlos Ausserladscheiderren lanari aitortza egiteko argitalpen bat egingo dutela. Hain zuzen, Manolo Salmeron ari da Txinpartak, Burdinolaren aldizkariaren ale berezi bat prestatzen. Bertan Ausserladscheiderren pintura lanak konstruktibismoan eta OpArtean oinarrituta argitaratuko dituzte, baita artistaren testuak ere. Halaber, Edorta Kortadi arte kritikariaren testu bat eta Gorka Salmeronen beste bat hartuko ditu.
Ausserladscheiderren itzala handia da Legazpin. «Errebelde» eta «aitzindari» adjektiboak aipatu ditu Salmeronek hari buruz jardutean. Bere polaroiden seriean [1990-1991koa] nabaria da artistak eta lagunak utzitako arrastoa. Txo! kolektiboaren erakusketen gaineko dokumentazioa gehitu dio Salmeronek erakusketari eta, baita ere, irrati-kasete bat. Elkarrizketa egin bitartean Hertzainak entzuten da.