«Lau proiektu handi adostu, eta martxan jartzea dugu asmoa»
Euskalgintzatik udalgintzara ekainean sartu zen Martin Aramendi Arana (Ataun, 1970), EH Bilduren zerrendaburu. Ura, Botikaetxea, Kaxio Ibilbidea eta Artzane dira lan batzuk.
Aramendi Arana abizenez. Ataunen jaioa zara?
Bai, herrian bertan jaioa gainera, etxean. Emagin bat bizi zen inguruan, eta horregatik. Abizenez ez gara oso ataundarrak. Aramendi Itsasotik aitonak ekarri zuen; Arana Lizarra aldetik dator, aitona 17 urteko etorri zen. Gurasoak hemen jaioak dira.
Udalarekin lehen harremana duzu barrutik. Zer moduz?
Ondo. Pentsatzen nuen lan intentsoa izango zela, eta hala da. Batetik, lan berria da; bestetik, Ataungo Udalak 19 erakundetan parte hartzen du, eta horietan zuzendaritzak edo batzarrak berritzen ari direnez, batera eta bestera. Eta hona etorritakoan, udaleko lanak. Jende askok jotzen du udalera.
Alkatetzarako baiezkoa ematea asko kosta al zitzaizun?
Bai.
Zerk ematen zizun kezka?
Beti ezkutuko lanetan sentitu izan naiz eroso. Telebistan ibili nintzen, baina hura ez nuen oso gustuko lana. Ez nuen ikusten nire burua jendaurrean, taldeburu lanean. Horrek sortzen zizkidan zalantza gehien. Harritu nintzen ez niela bat-batean esan ezetz. Agian, azken urteetan, nahiz hemen bizi, herritik kanpoko gauzetan gehiago parte hartu dut herrikoetan baino. Ikusten nuen banuela herriarekiko nolabaiteko zorra, eta garaia zela.
Nolako giroa duzue udalean eta udalbatzan?
Oraingoz, oso ona. Ataunek dituen behar nagusien plan estrategiko baten inguruan adostasunera iritsi nahian gabiltza. Jada EAJren ahozko adostasuna badugu, eta paperean jarri eta sinatzekotan gara.
Zein dira behar gordinenak?
Batetik, ura. Goierrin ur gehien duen herrietako bat izango gara, eta kalitatez urik txarrena edaten ari garena. Tratatu gabeko ura dugu, Aiaiturrietakoa. Hoditeria guztia fibrozementuzkoa da, bestetik, eta bidean dezente galtzen da. Dena konpondu beharra dago. Gure nahia da tratalekua hemen bertan jartzea, Arriaranera bidali eta ekartzen ibili gabe. Aspaldiko proiektua da, baina berriro jarri nahi dugu martxan. 6-7 milioi euroko obra da. Seguru asko lau urteotan ezingo da egin, baina Diputazioaren itxaron-zerrenda horretan sartu nahi dugu behintzat, eta faseren bat egin.
San Martingo Botikaetxea ere aspaldiko proiektua da.
Bai, hori da adostu dugun bigarren gaia. La Caixarena da, eta oraingoan badirudi lortu dudala ate zuzena jotzea. Etxe hori udalak erostea da asmoa, eta partaidetza prozesu baten bidez zer egin erabaki. Betiko asmoa kultur etxea jartzekoa izan da, baina kanpainan zehar aipatu genuen gizarte zentro bat jartzeko aukera: liburutegia, mediku-kontsulta, posta eta sakabanatuta dauden beste hainbat zerbitzu eta lokal, hor bateratzea.
Ataunen berezko orografiagatik eta konposizioagatik, zerbitzuak hirukoiztu beharko dira?
Bai. Guk nahi duguna da oinarrizko zerbitzuak denek izatea. Autobusa edo medikua, adibidez. Aian ez dago medikurik, eta Osakidetzarekin hitz egitera goaz datorren astean. Aian, bestetik, Urkillagako bidea konpontzeko proiektua idazten ari dela esan digu Diputazioak. Ea!
Bestetik, herribide zaharra, Kaxio Ibilbidea deitzen dioguna, herri guztia lotzen duen bide bat da. Lazkaotik Ergoeneraino dago eginda, eta handik Kaxetara luzatu nahi dugu. Mantentze lan handia du, baina asko erabiltzen da. Adostu dugun beste puntu bat da hori.
Batzordeen deiarekin gustura?
Bai, nahiko gustura. Hasi egin gara oraindik batzordeekin. Gure bide-orria hauteskundeetarako osatutako herri programa da, auzoz auzoko batzarretan egindakoa. Eta motorea batzordeak dira. Hortik pasatzen da egiten ari garen dena, eta hor bilatzen dugu jendearen kontrastea eta proposamen berriak.
Ataun herri aktiboa da, elkarte, talde eta mugimendu asko ari dira herrigintzan. Hori udalarentzat onura izango da, ezta?
Noski. Hemen eskaria etengabekoa da. diruz ez diegu lagunduko igual, askorik ez daukagulako; baina azpiegitura edo langileak jartzen dizkiegu eskura. Zer gutxiago. Nahiko mugimendu badago, eta gu dinamika hori laguntzeko eta bultzatzeko gaude. Gainera, herriari begira hori da onena: herrian bertan egotea mugimendua. Bakoitza bere kabuz ibili beharrean, gauzak elkarrekin egitea ere garrantzitsua da, eta antolatzen dituzte. Hainbestekoa da mugimendua, agenda bateratu bat koordinatzea da gure lana, elkar ez estaltzeko.
Etxebizitza arloan arazorik?
Etxe huts asko dago, eta, dirudienez, alokatzeko dago eskari handia. Baina, batetik prezio altu samarrak direla, bestetik jabeek alokatu nahi ez dutela, hor jarraitzen dute. Artzaneko etxe-egitura horrek ere jada baimen guztiak izango ditu, hurrengo udalbatzarrean pasatuko da eta bideratu ahalko da eraikuntza berriro. Berez 12 etxebizitza egin daitezke, hiru gelakoak. Ez litzateke txarra batzuk txikixeagoak izatea ere, eta 18 sortzea.
San Gregorioko Bikarioetxearekin zer berri?
San Martin festen ondoren irekiko dugu [elkarrizketa azaroaren 6an egina da]. Liburutegi bat izango du; gela batzuk ikasleei zuzenduak, ikasteko; Ataun Irratiak ere han izango du egoitza; dantza taldeak ganbara erabiliko du; eta adinekoentzat elkargune bat sortu nahi dugu Bikarioetxean, San Gregoriokoak eta ingurukoak elkartzeko. Irisgarritasun arazoari aurre egiteko igogailua jartzea aztertzen ari gara.
Adinekoak aipatu dituzu, eta jarri duzue zerbitzuan adinekoen arreta zerbitzua.
Bai, aste honetan [hilaren 4an] jarri dugu martxan, hiru-lau lagunekin, astean bi egunetan. Gure kezka nagusietako bat despopulazioa da, eta goiko auzoetan gero eta jende gutxiago bizi da. Horri frenua jarri nahi diogu. Asmoa da zerbitzuko taldea eta egun kopurua handitzea.