Errezil sagarraren azoka eta lehiaketak egingo dituzte igandean Gabirian
Errezil Sagarraren Eguna igandean ospatuko dute, 19. aldiz .Inoizko parte-hartzaile gehienek hornituko dituzte azoka eta lehiaketak, 29k. Goierriko ezti lehiaketa ere egingo da.
Partaidetzaren sabaia beste koska bat goratuta ospatuko dute igandean Gabirian Errezil Sagarraren Eguna. 1996an sortua da, eta 19. ekitaldia izango du, lau-bat urtean ez baitzen egin, sagar ezagatik. Aurten ez da gabeziaren aitzakiarik izango, iaz ez bezala. «Aurten sagar urtea da, eta Gabiriara inguratzen denak sagarra kalitatezkoa eta ona aurkituko du», aurreratu du Jose Antonio Elosegi ekoizle eta saltzaileak.
Betiko izaera eta egitura izango ditu egunak. Gabiriako errezil sagarrari indarra ematea, eta ekoizteko motibazio bat sortzea dira jaia antolatzeko arrazoiak. Herriko gainerako baserriko produktuen erakustoki eta saltoki izatea ere bai, lehiaketekin batera azoka egingo baita, 10:00etatik 14:00etara. Parte-hartzaileek 09:00etarako eraman behar dituzte gaiak.
Denera, 29 gabiriarrek eman dute izena, herritarrei zuzendutako bi lehiaketetako batean edo azokan parte hartzeko. Errezil sagar lehiaketan 13 izango dira. Hiru sari izendatuko dituzte Ramon Aseginolaza, Xabier Mujika eta Jose Kruz Baztarrika epaileek. Sagar-goxo edo menbrillu lehiaketan 21 izango dira; «harrigarria da kopurua», dio Gabino Muruak. Sari bakarra dago, Josema Azpeitiak eta Juanma Garmendia Kattalineko sukaldariak izendatuko dutena.
Azokan 16 salpostu
Eguraldi iragarpena gordina den arren, igandean Gabiriara joateko animoa eta gonbita egin dute Erbie elkarteko antolatzaileek eta azokaren bultzatzaileek. Azoka aterpean jarriko dute, eliz atarian eta udaletxeko arkupeetan. 16 postu izango dira, errezil sagarra ardatz dutela, baina beste hamaika jenero ere eskainiz. Eskulanak ere izango dira.
Azokako erosleen artean errezil saskikada bat, Baztarrika gaztandegiko gazta bat, Korta jatetxeko sagar tarta bat eta Sagaspe okindegiko bost kiloko ogi berezia zotz egingo dituzte.
Azken urteetan bezala, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere Gabirian jokatuko da, igandean. Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatu du. Herrialde osoan 300dik gora erlezain dira bazkide eta erleak alta emanda daudenak. Goierri beheko eremuan, 66k daukate parte hartzeko aukera.