Estereotipoak desegin eta gizarte sareak eraiki
Azaroaren 17an, igandea, Bizilagunak ekintza egingo dute jatorri desberdinak dituzten herritarrak elkar ezagutzeko helburuarekin. Karla Vazquezek laugarren urtez parte hartuko du seme-alabekin.

Egunerokoan, jatorri desberdinak dituzten bizilagunekin han eta hemen egiten dugu topo: etxeko eskaileretan, haurrak eskolara eraman edo jasotzerakoan, kiroldegian, erosketak egitera- koan, lanean, trenean edo autobusean, eta beste hainbat eta hainbat egoeretan. Baina espazio berean topo egin eta batzuetan hitz batzuk egiteaz harago, nolakoa da harremana? Azaleko koloreak, janzkerak edo lehen begiratu batean jaso daitekeen informazioaz gain, zer gehiago dakigu? Ezagutzen dugu benetan nondik, nola eta zergatik etorri diren, haien ohiturak edo kultura, zer duten gustuko edo nola sentitzen diren?
Duela zortzi urte abiarazi zuen Bizilagunak ekimena SOS Arrazakeria taldeak. Helburua jatorri desberdinak dituzten herritarrek elkar ezagutzea da, harremanak sortzea. Horretarako urtean behin igandean, azaroaren 17an aurten mahai baten inguruan eseri eta elkarrekin bazkalduko dute ekimenarekin bat egin duten herritarrek. Familiak, lagun taldeak, pertsona solteak, pisukideak, edonork parte har dezake. Horietako bat, Karla Vazquez izango da. Mexikarra da jaiotzez eta duela 8 urte Ordizian bizi da seme-alabekin. Laugarren urtez parte hartuko du, orain arteko esperientzia «oso ona» izan baita.
Igandea iristeko «gogotsu» dago Vazquez, baita haren familia ere. Parte hartu duen aurrekoetan «gustura» sentitu dela esan du. «Jendea ezagutzeko eta integratzeko» balio izan dio. Jatorri desberdinetako pertsonekin konpartitu du mahaia. Lehen urtean «euskaldun familia baten etxera» joan zen, «Beasainera». Gaur-gaurkoz «harremana mantentzen» dute. Horrek hurrengo urteetan parte hartzera animatu zuen. Ondorengo esperientziez ere hitzegin du. Oso gogoan du bigarren aldiz parte hartu zuenekoa: «Neska nigeriar baten etxera joan ginen, haren alabak eta nireak eskola berean ikasten dute, beraz elkarrekin bazkari hura egin eta gero ere harremana mantentzen dugu».
Bizilagunak ekimenaren inguruko informazioa komunikabide desberdinetan argitaratu ohi da. Horri eta «ahoz ahokoari» esker, urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen du. Dena den, «euskaldun familia gehiago parte hartzera animatu nahi ditu». Antza, kanpoko jatorria duten pertsonek parte hartzen dute batez ere, berak esan duenez.
Vazquezen kasuan, Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko aniztasun teknikariaren bidez izan zuen ekimenaren berri. «Ordizia Kolore elkarteko kidea naiz, eta herri mailan hainbat ekintza antolatzen ditugu urtean zehar», beraz, Ormaetxea gertu-gertutik ezagutzen du. «Esperientzia oso polita» izan zitekeela esan zion udal teknikariak. Horregatik probatu zuen eta ez da damu.
Aurreko esperientzietan pixka bat gehiago sakontzen, ezagutzen ez den pertsona baten etxera joan eta kontua nondik nora joan ohi den, horren inguruan ere mintzatu da: «Aurkezpenak egin eta pertsonaletik doaz galderak, elkar ezagutzen hasteko galderak izan ohi dira: zenbat denbora daramazu hemen, zertan egiten duzu lan, familiaren inguruan, eta horrelakoak». Haurrak izateak ere egoera asko errazten duela iritzi du, normalean segituan elkarri «jostailuak erakusten eta jolasean hasten direlako». Alaba ere «oso gustura» joaten da horrelakoetara. «Erraz moldatzen da eta segituan irekitzen da».
Balorazio orokorra, beraz, «oso positiboa» da Vazquezentzat. «Asko eskertzen da horrelako ekimenak antolatzea», ahizpa Goierrin bizi bada ere, «tokiko eta beste jatorri batzuetako herritarrekin harremanak egiteko»
Iaz, 219 bazkari
Ines Huarte SOS Arrazakeri taldeko koordinatzaileak esan du orain arteko zazpi edizioen balorazioa «oso positiboa» dela. «Ezezagun zaigunaren gaineko aurreiritzi eta estereotipoak desegitea, eta pertsona etorkinentzat eta hemengo familientzat gizarte sareak eraikitzea» da funtsa. Zenbakiei errepaso bat eginez, iaz 2.500 lagunek parte hartu zuten eta 219 bazkari egin ziren guztira.
Gipuzkoan hedatu da gehien Bizilagunak ekimena. Donostia, Irun, Errenteria, Pasaia, Hernani, Zarautz, Andoain, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Tolosaldean eta Goierrin. Gipuzkoatik kanpo ere egingo dute, Bizkaian, Getxon, Barakaldon eta Basaurin eta Araban, berriz, Gasteizen.
Parte hartzeko nahikoa da www.mugak.eus webgunean sartu eta norbere herriko formularioa osatu eta bidaltzea.Izena ematerakoan bakoitzak hautatu dezake beste baten etxera joan nahi duen gonbidatu gisa, edo gonbidatzaile izan nahi duen. Dena den, aurtengo izen-ematea itxi dute jada.