Ezkion Mendi Asteburua egingo dute gaurtik igandera, eta lasterketa mistoa bihar jokatuko da
Joseba Iztuetaren mendi dokumentala emango dute gaur. 6 kilometroko mendi lasterketan gizonezko eta emakumezko banak osatuko dute bikotea. Igandean, haurrekin mendi buelta egingo dute.
Ezkion bihar jokatuko da Mendi Lasterketa Mistoa, Ezkion Martxan kirol taldeak antolatuta. Gizonezko eta emakumezko banak osatutako bikoteentzat da, eta 6 kilometro luzeko eta 265 metro positiboko ibilbidea osatu beharko dute. 10:30ean hasiko da karrera, Topa ostatuaren parean, Santa Lutzi-Anduaga auzoan. Helmuga ere toki berean izango da.
Bikote ugari daude dagoeneko izena emanda (kronoak.com webgunean). Atzo arratsaldean 66 lagun zeuden zerrendan, 33 bikote jada. 15 euro da inskripzioa. Ibilbidea aurreko urteetako bera da: %90 mendian da, baina zailtasun teknikorik gabea.
Lasterketa mistoa denez, bikoteko bi korrikalariek batera osatu behar dute ibilbidea. Lehenengo hiru bikoteek izango dituzte sariak: aurrenekoek txapela eta garaikur bana, eta garaikurrak bigarren eta hirugarren postuetan sartzen direnek.
Helduen lasterketa abiatu ondoren —14 urtetik gorakoek parte har dezakete, gurasoen baimenarekin—, haurren proba hasiko da, 12 urte arte. Umezaintza zerbitzua ere jarriko dute.
Asteburu osoan ekitaldiak
Hirugarren ekitaldia du biharkoa Ezkioko Mendi Lasterketa Mistoak. Aurten, ordea, lehenbiziko aldiz, mendiari eskainitako asteburu osoa antolatu du Ezkion taldeak.
Joseba Iztueta mendigoizaleak Denbora izeneko leku bat ikuskaria erakutsiko du, gaur 19:00etan, udaletxean. Iaz Kirgizistanen igo zituen bi zazpimilakoren espedizioa kontatzen du.
Igandean, berriz, mendi lasterketaren ibilbidean barrena haurrekin eta gaztetxoekin txangoa egingo dute, 10:00etan.