Hausnarketarako plaza
Azaroan azak soroan! herri topaketa egingo dute Ormaiztegin etzi. Elikagaien kontsumo katea osatzen duten eragile guztiak elkarlanean jartzea eta hausnarketa egitea da helburua
Baserriaren nortasuna errespetatuz, gaur egungo kontsumo irizpideak aztertzeko Azaroan azak soroan! herri topaketa egingo dute etzi Ormaiztegin. Elikagaien kontsumo katea osatzen duten eragileak elkarlanean jarriko dituzte: baserritarrak, merkatariak eta ostalariak. Herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute. «Azkenean, guztiok gara kontsumitzaileak. Topaketa honetan informazioa kontsumitu nahi dugu».
Goimeneko teknikari Manex Aranburuk, Ormaiztegiko kultur teknikari Ane Aranburuk, eta Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzako Anne Otegik eta Vanessa Blazquezek aurkeztu zuten atzo topaketa Zaldibiako Goizane eraikinean. Ekintzailetza sustatzea, sukaldeko kultura gastronomikoa zabaltzea, baserrietan ekoizten diren «altxorrak» ezagutaraztea eta belaunaldi gazteenekin transmisio lana egitea da, besteak beste, ekimen honekin lortu nahi dutena. Eta Ormaiztegin egitea ez da kasualitatea. Lehen sektorerako lur asko duen udalerria da, baina gutxi dira ekoizpenean ari direnak.
Eragile ugari topaketan
Asko dira elkartuko diren eragileak: Jakoba Errekondo paisajista, Iker Markinez Kukoko sukaldaria, Erronkako Aitor Urreta, Lazkaomendiko Iztuetakoak, Goierriko Baratzeko Danel Etxeberria, eta baita Goierriko hainbat ekoizle eta baserritar ere.
EGITARAUA:
· 09:00. Sukaldea piztu. Herriko gazteekin hamaiketako osasungarria prestatuko dute.
· 10:00. Kontu kontari. Segura Irratiko Iñigo Arretxe esatariak nondik norakoak azalduko ditu.
· 11:00. Karta jokoan. Baserritarrak, komertzio txikiak eta ostalariak jokoan ariko dira.
· 11:15. Aza miragarria. Txukrut tailerra egingo dute Javier Arozenak eta Norah Vilarrek.
· 12:00. Jakoba eta soro zoroa. Barazki eta landareekin jolasa, Jakoba Errekondorekin.
· 13:00. Jolas dinamikoa hausnarketa egiteko.
· Bukatzeko: mokadutxoa.