Indarkeria matxistaren aurkako 425 metro hari mataza
Igartzako jauregian zintzilikatu dituzte azaroaren 25eko ekitaldien barruan.
Beasaingo Asmube emakume elkarteak eta udaleko Berdintasun Sailak elkarlanean Metro gehiago bai, baina bat gehiago ere ez! lelopean antolatu duten indarkeria matxistaren aurkako hari matazak egitasmoa iritsi da amaierara: larunbatean, matazaz mataza, hari mataza guztiak lotu zituzten, eta gaur, Igartzako jauregian jarri dituzte, leihoetatik zintzilikatuta.
Aurten, guztira 425 metro egin dituzte; iaz, 300. Asmuberen esanetan, “iaz, 300 metro baino gehiago ehundu ziren. Plazako barandilla txiki geratu zen guztia zintzilikatzeko. Aurten Igartza inguratu nahi dugu hari-matazekin eta mundu osoari bat eginik gaudela eta gaitz honi amaiera emateko borrokan jarraituko dugula adierazi nahi diogu”.