'Beasain dantzaz eta kantuz' ikuskizun berria sortu dute Aurtzakak eta Loinatz Abesbatzak
Azaroaren 30ean izango da Andre Mari Elizan. Sarrerak salgai jarriko dituzte ostegunetik aurrera Mirentxu liburu dendan. Elizako organoak ere protagonismo berezia izango du.
Aurtzaka dantza taldearen eta Loinatz Abesbatzaren arteko elkarlanaren fruitua da Beasain dantzaz eta kantuz ikuskizun «berria eta berezia». Ez da berria Beasaingo bi kultur taldeen arteko harremana, baina Aurtzaka dantza taldearen 40. urteurrenaren aitzakiarekin, etorri da azkeneko uztarketa; azaroaren 30ean, 20:30ean, Andre Mari Elizan ikus ahal izango da emaitza. Bihartik aurrera jarriko dituzte sarrerak salgai Mirentxu liburudendan: helduak 10 euro eta haurrak 5 euro.
Guztira 100 artistek hartuko dute parte dantza eta musika ikuskizunean. Ibilbide luzea duten bi kultur taldeetako kideez gain, herriko hainbat musikari ere partaide izango dira. Batetik, ikuskizunean protagonismo berezia izango duen elizako organoa joko duen Xabier Sarasola, Aitor Furundarena akordeoi jotzailea, Andoni Zaballos txistularia eta Iban Irazustabarrena atabal jotzailea. Aitor Furundarena musikariaren esanetan, «garrantzia dezente izango du organoak. Horrelako emanaldirik ez dugu ezagutzen: eliza, organoa, dantza eta abesbatza uztartzen dituena».
Elizako aldareko eskaileretan jarriko duten oholtzan ariko dira Aurtzakako dantzari helduak dantzan, argiztapen bereziarekin. XIX., XX. eta XXI. mendeetako dantzak eskainiko dituzte, «Beasaini lotutako dantzak eta tradizioak». Batetik, ezpatadantzak, soka dantzak eta plazakoak. Bulgariako Horo dantza ere prestatuko dute, duela bi urte Aurtzakako dantzariak bertara egindako bidaian ikasitakoa.
Loinatz Abesbatzarentzat ere erronka berezia da Beasain dantzaz eta kantuz ikuskizuna, eta ilusio bereziz ari dira prestaketa lanean. Bi kantu abesbatzak berak bakarrik abestuko badituzte ere, argi dute, oraingoan protagonista dantza izango dela. «Bi igandeetan entseguak egin ditugu elizan eta emozio handia eragin digu».