Enirio-Aralarren egoera «larria» dela salatu du lehendakariak
Estatutuek jasota duten organoetako bat eratu gabe aritu da Mankomunitatea azken legealdian. Ordaindu gabeko fakturei aurre egiteko ekarpenak egin beharko dituzte udalek. Egin beharreko inbertsioak onartu dituzte.
Enirio-Aralar Mankomunitateak urgentziazko ez ohiko batzarra egin zuen iragan astean, hainbat arazori irtenbidea bilatzeko helburuarekin. Adur Ezenarro Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, «hainbat arlori dagozkien erabakiak hartu beharrean geunden».
Ezenarroren arabera, «Enirio Aralarrek estatutuetan jasota dituen organoetako bat eratu gabe funtzionatu du azken legealdian». Organo hori Batzorde Iraunkorra da. Estatutuek diote organo iraunkor horrek konpetentziak dituela, eta urteko inbertsioak adjudikatzen dituela. Aurreko inbertsioak nola egin diren baloratzera sartu gabe, «orain arte nola lan egin den ikertuko» dutela esan du. Batzarreko lehen puntuan, Batzar Iraunkor hori osatzea onartu zuten. Mankomunitateko 15 ordezkarietatik 12 izan ziren bilkuran. Beasain, Altzaga eta Baliarrain ez ziren egon. Aramak, Abaltzisketak, Gaintzak eta Lazkaok abstentziora jo zuten, eta gainontzekoek baiezko bozka eman zioten.
Hurrengo gaia ere aski garrantzitsua zen. Mankomunitateak gaur-gaurkoz bizi duen egoera ekonomikoa «larria» dela esan du lehendakariak, eta hala jakinarazi zien batzarrean izan ziren ordezkariei. Momentuz 2018ko kontuak «itxi gabe» daudela eta «egoera erreala da likideziarik ez dagoela, dagoen diruarekin ordaindu gabe dauden fakturak ordaintzeko». Gainera, Foru Aldundira zuritu diren gastuen %100a ere ez da onartu. 2019 urteari dagokion ohiko ekarpenaren azken hiruhilekoa jasoko du laster Mankomunitateak, baina oraindik ez da nahikoa dituen obligazioei aurre egiteko. Hori horrela, 15.000 euroko ekarpen berezia egitea proposatu zen batzarrean. Mankomunitatea osatzen duten udalerriek egingo dute ekarpena. Aitor Altuna Lazkaoko ordezkariak azaldutako kontuak «zalantzan» ipini zituen, «deskontrola» dagoela adieraziz. Proposamena aho batez onartu zen. Jose Miguel Santamaria aurreko legealdiko lehendakariak ez du gaiaren inguruko azalpenik eman nahi izan.
2019 urterako inbertsio planaren lanketa ere egin zuten. Aurretik onartuta zeuden hainbat inbertsio burutzea proposatu zuten. Batetik, Ariñateko eta Elordirako ur hornidurako lanak, 32.750 euroko eta 24.770 euroko aurrekontuekin, hurrenez hurren. Aho batez onartu zituzten. Bestalde, Enirioko txabola berritzeko 81.000 euroko proposamena jarri zuten mahai gainean. Amezketak, Ataunek, Ikaztegietak, Itsasondok, Legorretak, Ordiziak, Orendainek eta Zaldibiak baiezko bozka eman zuten, eta gainontzeko lauek abstentziora jo zuten. Inbertsioa onartua izan zen.
Alotzako itxitura
Azkenik, Alotzatik gertu dagoen ikerketa zientifikorako itxituran izandako lapurretaren harira, EHUko Arantza Aldezabal irakasleak bidalitako gutuna landu zuten Mankomunitateko ordezkariek. Aldezabalek «Mankomunitateari laguntza eskatuz, Alotzako itxitura ahalik eta azkarren konpontzeko eta itxitura esperimentalak bermatzeko» eskatu zuen gutunean. Jon Zubizarreta Abaltzisketako ordezkariak zalantzan jarri zuen unibertsitateak azken bi urteetan itxitura hori erabili izana, eta eskatu zuen unibertsitateak ikerketen emaitzak Mankomunitatera bidaltzea.
Gai horren inguruan Mankomunitatearen erantzuna aho batez onartu zen, lapurreta salatuz, Ertzaintzan salaketa ipini dela erantsiz eta itxitura konpontzeko laguntza eskainiz.