«Ezkion erronka nagusia kohesio soziala lortzea da»
Ezkioko talde independentearekin irabazi zituen maiatzeko udal hauteskundeak. Lanbide eta Heziketa Berezian lan egin du; orain, erretiroa hartuta dago, «lasaiago».
Tomas Etxaniz (Ezkio, 1954) Olazabal baserriko semea da, eta gaur egun bertan bizi da. Gaztaroa Oarsoaldean eta Donostialdean egin zuen, baina Ezkiok beti tiratu zuela dio eta itzuli egin zen. Lanbide Heziketan aritu da lanean eta, azken etapan, Heziketa Berezira salto egin zuen. Orereta, Hernani, Tolosa eta Legazpiko ikastetxeetan lan egin du. Ezkion 460 bizilagun dira eta Ezkio Eraikiz zerrendak botoen %84,5a lortu zituen.
Urte asko Ezkiotik kanpo egin zenituen arren, itzuli egin zinen. Zergatik?
Oarsoaldean bizi nintzen, hango giroa oso potentea zen. Handik beste muturrera aldatu nintzen, hau da, hiritar bizitza aktibotik baserri mundura aldatu nintzen.
Baina, Ezkion jarraitu zenuen lanean herrigintzan.
Gure belaunaldikook, are gehiago hiritar eremu haietan, mundua aldatzeko grina genuen; maila politikoan eta sozialean. Beti utopia haren alde lanean aritu ginen, eta Ezkiora itzultzean horri jarraipena eman nion. Hemengoa oso gizarte ezberdina zen hangoarekin alderatuta.
Nolako gizartea zen?
Garai hartan, bazegoen errealitate bat nire gustukoa ez zena. Ikuspuntu ezberdinak zeuden, bata bestetik oso urrun, estankoak ziren. Hirietan, ikuspegi ezberdinak izanda ere, interakzioa derrigor sortu beharra zegoen. Guk ezberdin pentsatzen zutenen arteko elkarlana sustatu nahi genuen Ezkion.
Zerrenda bakarra sortzearen aldeko borrokaz ari zara?
Bai. Hemen EAJ eta HB ziren ordezkaritza zuten alderdiak, eta guk zerrenda bakarra sortu nahi genuen. 2008ko udal hauteskundeetan lortu genuen, baina zer gertatu, eta azken unean bi zerrenda aurkeztu ziren. Emaitzak adierazgarriak izan ziren: boto kopuru berbera lortu zuten, hots, berdinketa egon zen. Azpeitiko Epaitegietan ebatzi zen, eta zerrenda bakoitzeko ordezkariek alkatetza bi urtez hartuko zutela adostu zen; tartean, neu.
Orduz geroztik zerrenda bateratuarekin aurkezten zarete Ezkioko abertzaleak. Aurrerapausoa izan da?
Izugarria. Zoritxarrez hainbat herri txikitan oraindik istiluak sortzen dira. Ideologiak ideologia, gure herriotan herrigintza da benetako iparra. Ikuspuntu politiko itxiak gainditu ditugu Ezkion eta gaur egun natural onartzen da zerrenda bateratua.
Zuk gobernu taldearen buruan jartzeko urratsa egin duzu berriro. Nolatan?
Erretiroa hartuta nago eta lasaiago nabil. Edonola ere, orain bi urte hausnarketa prozesu bat martxan jarri genuen. Itsaso eta Ezkio bereizi zirenean, Ezkiok udalerri bezala dituen erronkak aztertu genituen enpresa baten gidaritzarekin. Ezkio Eraikiz taldean aurkeztu dugun zerrenda hausnarketa haren emaitza da, orduan prestatu baikenuen propio zerrenda, eta erreleboa egon badago; udal talde sendoa sortu dugu.
Erronken azterketa egin zenutela diozu, zer erronka?
Udalerriak zerbitzu jakin batzuk behar dituela badakigu, baina Ezkion erronka nagusia kohesio soziala lortzea da. Gure helburua ez da hormigoia, gizarte loturak sendotzea baizik.
Non sumatu duzue lotura falta?
Ezkion bi mundu elkar bizi dira. Badago gizarte hiritarragoa, gazteek irudikatzen dutena, eta badago baserri mundu bat; baserri mundu hori ez da nekazaritza mundua, egun ia ez baitago Ezkion baserritik bizi denik. Bi mundu horien sentsibilitateak, nahiak eta beharrak ezberdinak dira. Gure apustua da, aitzitik, biek ikuspuntu komuna partekatu dezatela: hain zuzen, herri ikuspegiarena. Fisikoki ere bi mundu horien bereizketa agerikoa da: goiko auzoa eta Santa Lutzi beheko auzoa.
Gaur egun, proposatutako inbertsioak biek onartu behar dituzte. Esate baterako, gizarte hiritarretik zakurrentzako parkeak egiteko eskaera iritsi zitzaigun eta eskaera hori beste munduarentzat oso arraroa gerta liteke. Bestetik, baserrietan zuntz optikoa sartzen ari gara eta garai batean pentsaezina litzateke.
Baserri mundutik zein eskaera datozkizue?
Ezkion hutsik dauden baserriei irtenbidea emateko premia daukagu, baita bizileku gisa eraberritzeko aukera emateko beharra ere. Proposamen berritzailea egin dugu zerga aldetik. Baserrietan berrikuntzak egiteko zergak kenduko ditugu hurrengo urtean, eta hutsik dauden baserrien jabeei Higiezinen Gaineko Zerga %50 igoko diegu baserriak merkaturatu ditzaten sustatzeko.
Etxebizitza aldetik badazue proiekturik?
Goiko kaskoan etxebizitza proiektuak gauzatzeko urratsak ematen ari gara. Lur sailak pribatuak dira; asko, Elizarenak. Hitzarmenak adosten ari gara.
Zer motatako etxebizitzak egin nahi dituzue?
Ezkioko edadeko jendeari irteera bat eman nahi diegu baserrietatik atera behar direnean, Ezkion bertan geratzeko aukera izan dezaten, eta gazteentzat alokairu sozialeko etxebizitzak egin nahi ditugu. Gurean ere populazioa zahartzen ari da, %23a 65 urtetik gorakoa da.
Ekonomikoki nola dago Ezkio?
Gure diru iturrien %40a Foru Funtsetik iristen da, herri txikia izateko proportzioa baxua da. Industria guretzat babes ekonomiko handia da. Gaitasuna badugu, baina, zerbitzuei dagokienez, Ezkion ezin daiteke Zumarragan bezala bizi.
Gizarte loturak sendotzeko herri eskola ezinbesteko bihurtu da?
Bai, are gehiago, proiektu ardatza da. Izan ere, guretzat eskola ez da ikastetxe soila, herri komunitatea da eta eskola eta udalerria elkar hartuta doazela ulertzen dugu.
AHTaren geltokiari buruzko berririk baduzue?
Aurten geltokiaren proiektu oinarrizkoa aurkeztu dute eta 2020an gauzatu egingo da. Proiektu berria sinpleagoa da. Ikuskizun dago Ezkioko geltokiak AHTaren proiektuan izango duen rola, baita Nafarroako lotura nondik egingo duten ere.
Yartuk bere jarduna eten du.
Yartuk rol oso garrantzitsua izan du, baina ez dago erreleborik. Udalak kultur ekintzen antolaketa bere gain hartu du, eta talde sendo bat dago. Kultura udaletik gidatzea ez da onena, baina, momentuz, herri dinamika bat sortu bitartean, hala egingo dugu.