Festarik eleganteenak
Ormaiztegiko jaiak ospatuko dituzte datozen bi asteburuetan, gaur hasita. Eleganteen Egunez, dotore janzteko deia egin diete herritarrei.
Gaur hasiko dira Ander Deunaren jaiak, nahiz eta hasiera ofiziala azaroaren 29an den, gaurtik eta asteburu osoan zehar jai giroa nagusituko da Ormaiztegin. Aurre asteburu honen ekintza seinalatuenak Eleganteen Eguna, etzi, egingo dutena eta haurren danborrada dira, igande eguerdian aterako dena. Aurten, ahalegin berezia egin dute Eleganteen Egunera udalerriko gazteak eta bizilagun gehienak batu daitezen eta elegante janzteko nork bere modua aukera dezan.
XIX. mendeko eleganteen VII. Bilkura da aurtengoa. Urtero moduan photocall-a jarriko dute eta Ormaiztegiko Bainuetxea erakusketa ikusgai egongo da Zumalakarregi Museoan; izan ere, Eleganteen Egunaren ideia museotik sortu zen. Garaiko autoen erakusketa jarriko dute baita ere.
Pintxo Eleganteen lehiaketak seigarren ekitaldia du. Oraingoan, pintxoen osagai nagusia gaztaina izango da eta pintxo onenaren egileak garaikurra eta bi lagunentzako bazkaria irabaziko du Kukon. Eleganteen bazkarirako txartelak tabernetan salgai daude 17 euroan. Bazkariaren antolaketa Ormaiztegiko gazteen esku dago.
Haurren danborrada hurrengo asteburuan egingo duten helduen danborradaren irteeraren aurrekaria izango da. Ormaiztegiko kultura zerbitzutik aurtengo lehenengo asteburuko berrikuntza bati azpimarra egin diote. Hain zuzen, igande arratsaldean Goruntz taldeak egingo duen dantza erakustaldia eta pailazoen emanaldia batera egingo dituztela.
Asteburuak kiroletik ere izango du. Haurrek etzi goizean saskibaloi partidak jokatuko dituzte eta arratsaldean eskubaloi partidak. Partida guztiak Zubipen izango dira.