Igor Rezolak 'Arnasguneak' lana aurkeztuko du
Arriaran auzoan larunbaterako antolatu dituzten ekitaldien barruan, Igor Rezolak bere azken lanaren inguruko azalpenak emango ditu. Artzain txakurren erakustaldia eta bazkaria ere izango dituzte.
Igor Rezola artista beasaindarrak Arnasguneak izeneko murala margotu du Arriararen. Pilotalekuaren horma batean egin du. Bertan, lanaren, aisialdiaren eta egungo bizimodu azeleratuaren inguruko gogoeta egin du Rezolak. Larunbaterako auzo horretan antolatu dituzten ekitaldien artean, obra horren inguruko azalpenak emango ditu egileak berak, 13:00etan. Bideo bat ere egin dute, prozesua azalduz.
https://vimeo.com/348829694
Artzain txakurrak eta bazkaria
Aurkezpenaz gain, festa giroko ekitaldiak ere izango dira larunbatean Arriaranen. 11:00etan hasita, artzain txakurren erakustaldia egingo dute. Aurrena, saio didaktikoa antolatu dute, txakurren trebaketa lanen hasierako pausoak azaltzeko; ondoren, txapelketetan ohikoak diren ariketen erakustaldia egingo dute.
Erakustaldiaren eta Igor Rezolaren saioaren ondoren, Intxaurpe elkartean elkartuko dira herritarrak, lagun arteko bazkarian. Izena aurrez eman behar da, elkartean bertan, 25 euro ordainduta. Gaur da apuntatzeko azken eguna.