Iñaki Etxeberriaren begirada Atauni
Gaztetan sortu zitzaion argazkilaritzarako grina Iñaki Etxeberria Aizpurua ataundarrari. Orain 50 urtetik honako Ataungo eta ataundarren argazki aukeratu batzuekin, erakusketa irekiko du, gaur.
Iñaki Etxeberria argazkilari zaletu ataundarraren lanak ikusteko aukera bakanetako bat aste honetan izango da, Ataunen. Atauniker elkarteak erakusketa antolatu du, hark Ataunen ateratako erretratu sorta batekin. «Argazkizalea banaiz, baina erakusketetan azaltzeko zalea ez», azaldu du Iñaki Etxeberriak.
1967tik geroztiko 51 argazki utzi ditu okasiorako. Aurkezpen eta irekiera ekitaldia gaur 19:00etan izango da, Ataungo udaletxeko ganbaran. Bertan izango da Etxeberria ere. Ikusteko aukera bihar (19:00-20:00) eta etzi (11:00-13:00) egongo da.
Hain justu, 1967an Joan Arin Dorrontsoro apaiz ikertzaileari egin zioten omenaldiko erretratuak dira lehenbizikoak. «Argazkia atera nien Don Joan Txikiri eta Joxemiel Barandiarani, eta handik gutxira erori egin zen omenaldirako jarritako oholtza. Erori aurreko eta ondorengo argazki pare bat badaude sortan».
Herriaren ikuspegiak, paisaiak eta toki gaur egun eraldatuak erakusteaz gain, ataundarrak ere ageriko dira. «Futbol zelai bat eratu genuen Ataunen, igandeetan-eta jokatzeko. Orduan jokatzen genuen taldeko argazkiak ere baditut».
Seminarioan zaletua
Gasteizen bizi da gaur egun Iñaki Etxeberria. Ataundar asko bezala, gaztetan seminarioan ikasia da, eta han barneratu zitzaion argazkitarako «harra». «Seminarioan, ostegunetan zerbait aukeratu behar zen: artea, liburugintza… Hango bi irakaslek zaletu ninduten argazkigintzara. Bat behintzat oso ona zen, eta harekin ikasi nuen, hutsetik. Voigtländer kamera alemanak zituzten, eta haiekin hasi ginen».
Ikastegia utzi ondoren ere segi zion zaletasunari. Yashica Minister III kamera bat erosi zuen, lehenengoa. «Mendira asko joaten ginen orduan, eta beti kamera eramaten nuen aldean». Oraindik segitzen du klikaka.