Irizarren ieTruck kamioi elektrikoak World Smart City saria jaso du
Ideia berritzaileen sailean saritu dute Irizar Taldearen zero emisioko kamioi elektrikoa, Bartzelonako Smart City World Congress topaketan.
Irizar Taldearen ieTruck zero emisioko kamioi elektrikoa saritu dute Bartzelonan egiten ari diren Smart City World Congress topaketan. Ideia berritzaileen arloko World Smart City saria jaso du ibilgailuak, hiri-zerbitzuko ibilgailuen alorrean “mugikortasun eskuragarria, moldakorra eta eraginkortasun energetiko handikoa” eskaintzen duela iritzita.
Irizar Taldeak eta FCC Medio Ambiente enpresak gidatutako partzuergo batek garatu du ieTruck proiektua. Kamioi %100 elektrikoa da, eta zero igorpenekoa. Trakzio elektriko iraunkorraren bidez funtzionatzen du, entxufagarria da eta potentzia handiko bateriak erabiltzen ditu. Kamioi horren helburu nagusia, “ingurumen onura handiak dituzten hiri zerbitzuetan mugikortasun eskuragarria” lortzea da, enpresaren arabera. Hala, “emisio kutsatzaileak eta zarata erabat” murriztea lortu dute, karbono aztarna murriztearekin eta energia eraginkortasuna maximizatzearekin batera.
Mundu zabaleko udalerriei, “etorkizuneko hiri ibilgailua arrazoizko prezioan” eskaini nahi izan diete. Funtzio anitzetarako aplikagarria izan daiteke, txasisaren modulartasunak aukera ugari eskaintzen baititu. Lehen aplikazioak, hondakinen bilketarako alboko karga sistema bat dauka, eta dagoeneko egin dituzte lehendabiziko probak, Beasainen bertan, esaterako.