Irribarriak eta Rezustak igandean ekingo diote binakako txapelketari
Irribarriak Rezusta izango du lagun. Igandean dute aurreneko partida, Bergaran. Albisuk berriz, Laso du bikotekide, eta astelehenean dute estreinako partida.
Bihar hasiko da eskuz binakako txapelketa, eta Goierriko bi ordezkari, Iker Irribarria eta Jon Ander Albisu ariko dira bertan. Guztira zortzi bikotek parte hartuko dute, ligaxka moduan. Aurreneko bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira, eta beste bi kanporaketa bidez. Txapelketako finala apirilaren 5ean jokatuko dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Irribarriak igandean jokatuko du estreinako partida; Rezustarekin batera ariko da, Jaka eta Zabaletaren aurka. Jaialdia Bergaran izango da, 17:00etatik aurrera. Lehendik ere elkarrekin aritutakoak dira Irribarria eta Rezusta; 2017an, binakako txapelketa elkarrekin irabazi zuten.
Albisuk berriz, astelehenean ekingo dio txapelketari. Laso izango du bikotekide, eta aurreneko partidan, Artola eta Imaz izango dituzte aurkari. Tolosako Astelenan jokatuko dute, 16:30etik aurrera hasiko den jaialdian.