Kontziliazio erantzunkiderako Beasaingo ekintza plana aurkeztu dute
Bost ardatz eta 16 ekintza lerro garatuko dituzte. 350 herritarrek eta eragilek hartu dute parte ekintza plana finkatu aurreko diagnosian. Esperientzia pilotua da Beasaingoa.
Bizitza pertsonala, zein familia eta lan bizitza bateragarri egiteko urratsak egitea Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta udalaren laguntzarekin Beasainen gauzatu den Herrilab prozesuaren helburua nagusia. Emakumezkoei eta gizonezkoei enplegua, familia eta garapen pertsonala modu orekatuago batean uztartzen lagunduko dieten dinamikak sortzea bidea egin nahi da, «haien premietara moldatzen diren jarduketak abian jarriz». Foru aldundiak Beasain aukeratu du saiakuntza-banku gisa.
Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da udalerriko herritarren, gizarte eragileen, hirugarren sektoreko eragileen eta administrazioaren inplikazioa bilatzea. Norabide horretan, lehendabiziko lana herriko diagnostikoa egitea izan da eta Beasaingo 350 herritarren eta eragileren parte hartzearekin egin da lan hori.
Behin Beasaingo errealitatea ezagututa, eta lehentasunak jarrita, ekintza plana aurkeztu zuten Igartzako jauregian egindako aurkezpenean. Herrilaben berri eta ondorioen berri jasotzeko Igartzan elkartu ziren 80 herritarrekin batera, Markel Olano diputatu nagusia, Aitor Aldasoro alkatea, Kataluniako ordutegien erreformarako bulego Alex Rovira koordinatzailea izan ziren bertan, Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendaria, Murumendi ikastetxeko Karmele Arraiza, Asmubeko Mari Paz Sanchez, Goiekiko Ane Urteaga eta Amets Arrospide Berdintasun zinegotzia.
Berdintasunerantz
Markel Olanoren esanetan, «gizarte aurreratu eta modernoa izateko ezinbestekoa dugu emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitzeko eta bizitza aukera berdintasunean garatzeko sustapen lana». Hori lortzeko «palanka nagusietako» bat da kontziliazio erantzunkidea Olanoren ustez: «Gaur egun emakumeek hartzen dute nagusiki beren gain etxeko lana eta zaintzaren ardura eta beharrezkoa da gizonezkoak alor horretan askoz ere gehiago inplikatzea».
Aitor Aldasoro alkateak gogoratu zuenez, HerriLab ekimenak «epe ertain eta luzera garatzeko» giltzarriak xehetu ditu: «Herrian kontziliazio erantzunkidea garatzeko beharrezko aldaketak eman behar badira, enpresen eta hezkuntzaren arteko hibridazioa, zerbitzu publikoetan eta enpresen arteko lankidetza eta hezkuntza, aisia, kultura eta kirolaren arteko lankidetzari garrantzi handia ematea izango da gakoa. Eta noski, eragile desberdinen eta herritarren parte hartzea errazteko bideak aktibatzea».
Hamasei ekintza lerro
2018an abiarazi zen Herrilab eta orain 2019-2023 tarterako egitasmoak finkatu dituzte. Plangintzaren garapenerako, gainera, talde eragile bat sortu dute, «herritarren inplikazioa sustatu eta ekintza zehatzak definitzen jarraitzeko». Bost ardatzetan lan egingo dute, eta guztira 16 ekintza lerro garatuko dituzte datozen lau urteetan: besteak beste sentsibilizazio jardunaldiak antolatuko dituzte ikastetxeetako gazte eta gurasoekin; zerbitzu publikoen eta aisia, kirola, kultura eta abarreko jarduerak hobetzeko premiak identifikatuko dira –ordutegien moldaketa, estaldura, malgutasuna–; ikastetxe, enpresa eta denden ordutegien koordinazio lana egingo da, kontziliazio erantzunkidea lagundu eta, aldi berean, tokiko merkataritzari bultzada eman asmoz; denbora bankua antolatuko da eta belaunaldi arteko ekimenak sustatuko dira.