Erle beltza hazten duten erlezainek jardunaldia dute Zaldibian
Erbel Erle Beltz Hazleen Elkarteak antolatuta, 'erleen hautaspena eta genetika' jardunaldia egingo dute bihar, Zaldibiako Goizane zentroan.
Erle beltza hazten eta ustiatzen diharduten erlezainek bi eguneko jardunaldia egingo dute, asteburuan, Zaldibiako Goizane eraikinean. Erle Beltz Hazleen Elkarteak (Erbel) antolatu du hitzaldi sorta, Erleen hautespena eta genetika izenburupean. Elkarteko bazkideentzat doan da, eta gainontzekoek 10 euro ordainduko dute. Izena eman behar da (info@erbel.eus).
Bihar 10:00etan hasiko da jardunaldia, Erbel-en koordinatzaile Egoitz Galartzak harrera eginda. Andone Estonba EHUko Genetika katedradunak (10:45) Europako erleen genetikaz hitz egingo du. Giles Fert erlezainak erreginengan zentratuko du bere jarduna (12:30).
Bazkaldu ondoren, Mikela Untsain erlezainak Etxerako erreginen ekoizpena landuko du (15:30). Fert-ek ere erreginen hazkuntzaz beste hitzaldi bat egingo du (16:30), denen arteko mahai-inguruarekin bukatzeko.
Igandean, Erbelen ezohiko batzarrarekin hasi (10:00), elkarteak egindako lanen argibideak emanez segi (10:30) eta banatutako erreginei buruz lanketa egingo dute (12:00).