Errezil sagarra, arku tiraketa eta Zaldibiako obrak
Errezil sagarraren egun betea ospatu zuten Gabirian, eguraldia lagun zutela. Ander Telleriak arku tiratzaile izateari utzi, baina entrenatzaile moduan bide berria hasi zuen. Eta Zaldibian, udal aurrekontua onartu zuten, proiektu nagusitzat kale nagusia berritzea zutela.
Azaroan dena ez da hotza eta euria. Duela hamabost urte, Gabiriako Errezil Egunaren berria zekarren Goierriko Hitzak. Eguraldi ona lagun, festa egun betea ospatu zuten gabiriarrek, bertako sagarraren aitzakian. Xabier Arratibelek irabazi zuen errezil sagarrik onenaren saria, eta Anita Zubizarretak, sagar goxoena. Ekitaldi berean, Noare-Etxeberri baserriko Juanita Lazkano omendu zuten, baserriko lanez gain, astero Goierriko ferietan egindako lanagatik.
Kirol arloan, aldaketa kontuak Beasaingo Igartza arku tiraketa taldean. Ander Telleriak lehiaketak utzi eta bide berri bati ekiteko asmoa agertu zuen, entrenatzaile moduan. “Prezioa baztertu eta arku tiraketaz gozatu” nahi zuela azaldu zuen, Hitzak egindako elkarrizketan.
Azpiegitura kontuak ere baziren, egun hartako orrialdeetan. Zaldibiako Udalak Santa Fe kalea berritzeko proiektua iragarri zuen, 2005ean hasi eta 2006an bukatzeko asmoarekin. Lanen aurrekontua 1,5 milioi eurokoa zen, eta Izartu programaren laguntzaren eta udal aurrekontuetatik bideratutako partiden artean ordainduko zuten.