'Garalar-Maralar' bildumako lehen liburua ondu dute Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak
'Goliat eta izarrak' izena du, eta sei urtetik gorako haurrentzako da. Landarlan Ingurumen Elkartea izan da proiektuaren sortzailea, eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratu du. Bildumako beste hiru liburuak datorren urteko apirilean emango dituzte argitara.
Goliat eta izarrak. Jexux Mendizabal Kaxkagorri zaldibiar artzainak kontatutako pasadizio bat du oinarrian Patxi Zubizarreta ordiziar idazleak eta Jokin Mitxelena oiartzuar ilustraileak ondutako liburuak. Garalar-Maralar bildumako lehen liburua da gaur Donostian aurkeztu dutena, beste hirurak datorren udaberrian emango dituzte argitara: Joanes eta kanpaiak, Aiert eta herensugea eta Maren eta azeria. Goierriko Landarlan Ingurumen elkartea izan da proiektu honen sortzailea, eta Bizkaiko Ibaizabal argitaletxea arduratu da edizioaz.
Joxe Arratibel ataundarraren ipuin bat kontatu ondoren, honako hausnarketa plazaratu du Zubizarretak: “Irudipena daukat batzuetan guk ere egiten dugula gure tradizioa, gure kultura, gure paisaia giltzapetu eta ez dugula ikusten. Batez ere, ondare naturala, ondare bezala kultura ere badela, eta hori ez dela ikusten, kontatu egiten da, kantatu egiten da, eta txabola batean daukagu”.
“Musika eman guretzat ederra denari”
Ordiziar idazlearentzat “atsegina” izan da sorkuntza prozesu osoa. “Eskerrak sortzaileei eta argitaletxeari. Jokinekin ez dago zalantzarik. Tandem bat gara. Ez gara elkarrekin bizikletaz ibili, baina lan asko egin dugu elkarrekin, eta halaxe esan nien sortzaileei eta argitaletxeari, oso lan ederra aterako zela. Gauza dotorea”. Zubizarretak “folklorea eta tradizioa” ez direla baztertu behar nabarmenduz bukatu du aurkezpena: “Artzaina bera, Joanes –liburuko protagonista–, kultua da. Aralarren egon zen artzain bat biblioteka zuena, eta Joanesek ere badu, eta pianoa ere badu, Oiduegin dauka. Zaldibiatik entzuten baduzue urrutitik datorren zerbait… Horixe eman nahi izan dugu, musika eman guretzat ederra denari”.
“Lan bisuala, plastizitate handikoa”
Liburuaren sorkuntzan “exotikotzat” jo du bere burua Mitxelenak. “Orduan, exajeratuz, esango dut hau kanpotarraren ikuspegia izan dela, turista baten pare. Nahiz eta, artzaintzaren berri badudan. Nire aita artzaina izan zen (hori ez zenekiten), orduan hemengo detaile batzuk ezagutzen nituen, egileak baino hobeto agian”. Aralarko Pagaben izan zuen aita artzain, Bixente Nazabal artzain zaldibiarra lagun zuela.
“Ariketaren” helburuetako liburuan azaltzen diren tokiak “errekonozibleak” izatea izan dela adierazi du oiartzuarrak. “Horretarako ingurukoen baieztapena behar nuen, eta esan zidaten baietz, ezagutzen direla horko lekuak”. Aralar horrenbeste ez, baina materia ezaguna zaiola nabarmendu du: “Lurra, basoa, mendiko giroa. Hori entrenatua geneukan lehendik Patxik eta biok. Kontu zaharra da hau, baina hor zegoen. Turista bat nintzen ni proiektu honetan, baina baneuzkan errekurtso batzuk seguruak: batetik aita, eta bestetik entrenatuak ginela”. Testu aldetik “lana egina” zegoen, eta liburua “oso bisuala eta plastizitate handikoa” iruditu zaio ilustratzaileari.
Elkarlanean sortutako proiektua
Eukene Herrera Ibaizabaleko literatura arduradunak nabarmendu du Ibaizabalentzat “berezia” izan dela proiektu honetan parte hartzea, “plazera”. Liburua 6 urtetik gorako haurrentzat zuzendua dago, eta hurrengo hiru aleak 2020ko apirilean argitaratuko dituztela aurreratu du.
Edurne Huesa Landarlan Ingurumen elkarteko lehendakariak proiektu honen helburu nagusiari egin dio erreferentzia: “Ipuin hauen bidez natur aberastasunaren zaintzaren kultura zabaldu nahi dugu, euskal kultura garatuz, eta gizartea gonbidatzen dugu honetan laguntzera, eta baita ere gozatzea, hori baita literaturaren helburua”. Proiektua diruz lagundu duten Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailari eta Kutxa Fundazioari eskerrak eman dizkie Huesak.