Hiru zine zuzendari, Singular denden aitabitxi
Singular Dendak ekimenaren helburua merkatarien profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatzea da. Kanpaina berriko aitabitxiak hiru profesional handi dira: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
Zerbait «pelikuletakoa bezalakoa» dela esaten denean, zoragarria dela esan nahi da. Kalitate handikoa. Ederra. Ikusgarria. Halakoak dira, hain zuzen ere, Singular Dendak egitasmoko dendak. Goierri garaiko Singular dendek beraien mailako aitabitxiak aukeratu dituzte kanpaina berrirako: primerako hiru zine zuzendari. Donostiako Zinemaldian zuzendari onenari dagokion Zilarrezko Maskorra irabazi zutenak. Loreak, Handia eta La trinchera infinita pelikulak zuzendu dituzten Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
Singular Dendak Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren ekimen bat da. Aldundiaren eta hainbat udalen babesa du. Horien artean Urretxukoa eta Zumarragakoa daude. Helburua Gipuzkoako merkataritzaren profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatzea da.
Ni Singular Naiz kanpaina berriaren aurkezpenean Goierri garaiko 16 Singular Dendetako ordezkariek, Julen Maiz Federazioko lehendakariak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak, Jon Luqui alkateak eta hiru zine zuzendariek parte hartu zuten.
Kanpaina gaur amaituko da. 16 dendek oso berezkoa duten produktu bat erakusleihoan jarri dute. Produktu horiek Onda Vasca irratiaren Gipuzkoako Kale Nagusia saioan zozkatzen ari dira. Itziar Alduntzin aurkezleak galderak egiten ditu eta opariak erantzuna asmatzen duten entzuleen artean zozkatzen dituzte. Gainera, sare sozialetan kanpainako poltsak oparitzen ari dira.
Hauek dira Goierri garaiko 16 singular dendak: Zumarragako Agurtzane dekorazioa, Argiki, Salegi harategia, Suarez zeramika, Grupo Goiur, Laskurain, Mentxu y Yone, Natalietta, Oskarbi oinetakoak, Itxura ile-apaindegia eta Ureder; Urretxuko Buen Bokado, Leire Santillan, Marai&NKN eta Onure eta Legazpiko Suarez zeramika.
Maizak eta Luquik dendek, ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, herriari bizia ematen diotela aipatu zuten. Hori dela eta, herritarrei erosketak Urretxuko eta Zumarragako dendetan egiteko eskatu zieten.
Hiru zuzendarien iritzia
Arregik, Garañok eta Goenagak denda txikiekin izan duten harremanaren berri eman zuten. Arregik Donostiako liburu denda batekoekin duen harremana aipatu zuen. «Pixkanaka elkar ezagutu dugu eta gomendioak egiten dizkidate. Beraiek egiten dizkidaten gomendioak ezin dira logaritmo baten bidez egiten direnekin konparatu».
Garañok Handia estreinatu behar zutenean gertatutakoa oroitu zuen. «Aitorrek ez zuen gustuko trajerik aurkitzen eta urduri jarri zen. Azkenean, Singular Denda batean aurkitu genuen. Julen Maizen dendan, hain zuzen ere. Oso gustura irten zen eta egun hirurok bere bezeroak gara».
Goenaga ordiziarrak beraiek ere singular sentitzen direla esan zuen. «Zinea ere makroa edo mikroa izan daiteke, eta guk egiten duguna mikroa da. Saltzeko orduan ere makroa edo mikroa izan daiteke. Guk herri txikietako aurkezpenak nahiago ditugu, detaileak zaintzen baitituzte eta tratua gertukoa baita».