Aldarrikapen hirukoitza egin dute Goierri beheko pentsiodunek Beasainen
Goierriko Pentsiodunek eta erresidentziatako kideek elkarretaratzea egin dute Beasaingo Zubimuzu plazan; Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako eguna ere gogoan izan dute.
Goierri beheko pentsionistek astelehenero egiten duten elkarretaratzea, berezia izan da gaurkoa; Beasaingo Zubimuzu plazan, pentsionistak eta erresidentziatako hainbat langile elkartu baitira. Guztiek gogoan izan dute gainera, gaur, azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela.
Pentsionisten esanetan, “gaur, munduko beste emakume askorekin batera egun hau baliatuko dugu emakumeok jasaten ditugun indarkeria egoerak salatu eta izurri sozial honen amaiera aldarrikatzeko”. Izan ere, “emakume pentsiodunak ezin dugu alde batera gelditu era krudelean jasaten ditugulako diskriminazio egoerak, hainbat faktore direla eta”.
Horietako bat da, “familia guztiko pertsonen harrera eta zaintza emakumeok asumitzen dugulako doan, Barne Produktu Gordinari milaka milioi asko ordainduz”. Horrekin batera, “hezkuntza eta enpleguan sartzeko desberdintasun handiak jasan ditugulako”. Eta azkenik, “soldata arrakala izaten genuelako lan ordainduan hasten ginenean, gutxien ordaindutako lanak eta sozialki apalenak hartu behar genituelako enpresa eta negozioetan, kristalezko sabaiak inposatzen zirelako”. Horren ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “% 20 dira 600 euroz beheko pentsioak emakumezkoetan eta %57, 1.100 euroz behekoak. Hauen artean gizonezkoen pentsioak baino %40 txikiagoak izanez alargundu ziren emakume pentsiodunak, alarguntza pentsioa bataz beste 602 eurokoa izanik, esklusio eta pobreziaren egoerara daramana”.
Guzti horregatik, “bizi baldintza duina izateko” 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dute Goierriko pentsionistek. Abenduaren 12an Gasteizko Legebiltzarrera joango dira “pentsio minimoak 1.080 euro arte osatzeko eskatzera, aipatu pentsioa Estatuko Gobernuak aplikatu dezan arte”.
Erresidentziatakoak
Gipuzkoako Erresidentziatako ELAko langileen grebalariei leku egin diete gaurko elkarretaratzean, “beraiek jasaten dutena ere indarkeria matxista delako”.