Ismael Esteban eta Olatz Odriozola garaile Beasaingo lokaztian
Juniorretan Aitzol Sasietak irabazi du Beasaingo V. Ziklo Kros Sari Nagusia; kadeteetan Mikel Unzillak eta Maria Modenesek; eta master 30 mailan Jon Urteagak, master 40an Juan Jose Romerok eta master 50-60an Xabier Mendiarazek.
Beasaingo Loinatz eta Telleri baserrietako zelaietako lokaztian jokatu zen atzo goizean V. Beasaingo ziklo kros sari nagusia, Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatuta.
Elite eta 23 urtez azpikoen mailan, Ismael Esteban izan zen irabazle, lasterketa ia osoan lehenengo postuan joan zen Aitor Hernandezi aurrea hartuta. Hirugarren Gorka Izagirre ormaiztegiarra izan zen. Lehenengo itzulian 3 aldiz erori zen Astanako txirrindularia. Larunbatean, Garaiko ziklo kros proba irabazi zuen ormaiztegiarrak.
Emakumezkoetan, Olatz Odriozola izan zen garaile. Paula Suarez izan zen bigarren eta Monica Carrascosa hirugarren. Lur Zufiria ormaiztegiarra bosgarren postuan sailkatu zen.
Junior mailan, Aitzol Sasieta, Adrian Losarcos eta Unai Unzaga izan ziren lehenengo hiru postuetan; kadeteetan Mikel Unzilla, Egoitz Hoyas eta Aimar Madina, eta Maria Modenes, Lukene Trujillano eta Nahia Imaz.
Masterrak
Helduenei dagokionean, master 30 mailan Jon Urteaga idiazabaldarra nagusitu zen; master 40an Goierri Kirol Elkarteko Juan Jose Romero eta master 50-60 mailan Xabier Mendiaraz.