Arcelor Mittalek errelebo-kontratua ez duela errespetatzen salatu dute langileek
Langileekin adostutako baldintza, 61 urte betetzen dituzten langileei ordezkoa jarri eta erretiratzekoa, ez duela bete aurtengo urte osoan salatu dute, nahiz eta Enpresako Akordio Nagusian 2018an jasota dagoen.
Arcelor Mittal altzairutegiak Olaberrian duen faktoriaren atarian elkarretaratzea egin dute langileek, gaur eguerdian, errelebo-kontratua enpresak ez duela aplikatzen eta bete dezala eskatzeko. 1958an jaiotako langileak –aurten 61 urte bete edo beteko dituztenak– elkartu dira, eta Enpresa Batzordeko ordezkariek sustengatu dute haien eskakizuna. “Enpresaren zuzendaritzak 2019ko urte osoa langileekin adostutakoa bete gabe igaro du. Enprsako Akordio Nagusian 2018an hitzartutako errelebo-kontratua, langileek 61 urte betetzen dituztenean, ez da aplikatzen ari”, salatu dute langileek.
Gaur egun, 15 bat langile daude erretiro hitzartu horren neurria har dezaketenak, haien lekuan gazteago bat hartuta. Gehienak enpresan 45 urtean edo gehiagoan ari dira lanean. “Baina enpresak langile bat bakarrik jubilatu du sistema horrekin, eta hura ere partzialki. Gainera, ez du jubilatu gutxieneko adinera iritsi denean, baizik enpresak nahi izan duenean”. Industria eraldatzaileko eta tailerreko langileentzat, 61 urte da errelebo-kontratuarekin erretiratzeko adina; gainerakoentzat 61 urte eta 8 hilabete.
“Errelebo-kontratua tresna oso egokia langileok arrazoizko adin batean jubila gaitezen. Bestetik, gazte belaunaldiak lanera sartzeko eta lantaldea gaztetzeko bermea da. Beraz, gurekin egiten ari den injustizia publikoki salatu nahi dugu. Enpresako itunean ageri den moduan, partzialki jubilatzeko eskatzen diogu errelebo-kontratuaren bidez”.