Berroetako gazta merkatutik erretiratu du Jaurlaritzak, listeria kasu bat dela eta
Bakteria atzeman orduko, salmenta puntuetan zeuden gazta guztiak erretiratu eta etxean zituztenak zigilatu egin dituzte. Momentuz ez dago inor kutsatu denaren zantzurik.
Eusko Jaurlaritzak merkatutik erretiratu ditu Ezkioko Berroeta baserriko gaztak, aurtengo gazta onduetan listeria monocytogenes bakteria atzeman eta gero. Neurria prebentzio moduan hartu dute, ohiko protokoloak jarraituz, momentuz ez baitago produktu hauek kontsumitu eta listeriosiak kaltetu duen inoren zantzurik.
Berroetako gaztak Goierriko eta inguruko merkatu eta harategietan saldu ohi dituzte. Jaurlaritzako Osasun sailak, ordea, berehala erretiratzeko eskatu du, eta produktu horietakoren bat etxean dutenei, ez kontsumitzeko eta salmenta puntura eramateko deia egin diete. Dagoeneko kontsumitu eta sintomaren bat atzeman dutenek, osasun zentroetara jo behar dute, batez ere haurdunaldian edo tratamendu onkologikoan daudenek.