Haurrek Olentzeroren eta Mari Domingiren bizilekua bisitatu dute
Urretxu eta Zumarragako haurrek eta beraien gurasoek Olentzeroren eta Mari Domingiren basoa bisitatu zuten igandean. Ekitaldia Lekaio kultur elkarteak eta Lepaka guraso elkarteak antolatu zuten, herriko ikastetxeekin elkarlanean.
Familiak Santa Barbaran elkartu ziren eta ondoren Zuloaga ondoko pagadira joan ziren. Txangoaren helburua kultura ondarea transmititzea eta baserritarrei aitortza egitea zen. Haurrek jolasen bidez ingurua arakatzeko aukera eduki zuten. Asmoa, jakin-mina eta interesa piztea zen.
Baserritarren azalpenak
Ondoren, baserritarrek Mari Domingi eta Olentzeroren lanbide eta eginkizunen berri eman zieten. Haurrek basoari, sendabelarrei, egurrari, ikatzari, eguzkiari, ilargiari eta solstizioei buruzko azalpenak jaso zituzten. Bukatzeko, Santa Barbarara itzuli ziren. Bertan, txokolate eta gaztaina jana egin zuten.
Igandeko ekitaldia Gabon gaueko ekintzaren inguruan sortu da. Iaz Olentzero eta Mari Domingi. Neguko solstizioa ekintza egin zuten Areizaga-Kalebarren plazan abenduaren 24an, eta aurten bigarren edizioa ospatuko dute. Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiez baliatuta, Eguberrietako ekintza propioa sortzea da helburua.
Horrekin lotuta, iaz bertso eskolakoek kopla batzuk idatzi zituzten eta Juanlu Aranburuk musikatu egin zituen. Aurten, koplak ikus-entzunezko baten bidez zabalduko dituzte. Helburua herriko talde ezberdinek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea eta eragile ezberdinen arteko elkarlana indartzea da. Txangoan ikus-entzunezkorako irudiak hartu zituzten eta musikariekin eta bertso eskolako kideekin ere grabaketak egin dira.