Larrialdietakoak, greban
2014 amaieran larrialdi zerbitzuetako anbulantzietako langileek gose greba egin zuten lan baldintza hobeen eske. Azaroaren 29an Beasaingo kirolgune berria eraikitzeko obrak hasi ziren
2004ko azaroko azken egunetan eta abenduko lehenengoetan ere ez zen albisterik falta izan Goierrin.
Gizarte arloan, larrialdi zerbitzuetako anbulantzietako langileek lanuzte mugagabea hasi zuten eta ondoren gose greba egin zuten lan baldintza hobeen eske.
Bestalde, azaroaren 29an Beasaingo kirolgune berria eraikitzeko obrak hasi ziren. Lehen fasean estali gabeko igerilekuak, tenisko pista eta Loinatz futbol zelaia bota eta futbol zelai berria eta atletismo pista egin zituzten. Bigarren fasean igerileku estaliak egin zituzten eta hirugarrenean, estali gabeko gainontzeko instalazioak.
Beasainen obra bat hasi zuten eta beste herri batzuetan amaitutzat eman zituzten: Seguran haur eskola inauguratu zuten, eta Urretxuko Santa Barbara auzunearen azpialdean 30 autorentzako aparkalekua ireki zuten. Segurako inaugurazioan Anjeles Iztueta sailburuak parte hartu zuen.
Kirol arloan, Jon Aranburu beasaindarra gipuzkoar onena izan zen Donostiako maratoian.
Politikari dagokionez, Txema Auzmendi ordiziarra eta Egunkaria auziko beste sei auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasa ziren. Egun batzuk lehenago Ibarretxe lehendakariarekin elkartu ziren.
Kultur arloan ere albiste mamitsuak egon ziren: Andoni Salamero eta Josi Labajos zumarragarrek liburu bana aurkeztu zuten, Iñaki Mendiguren ezkiotarrak Harry Potter-en bosgarren liburua itzuli zuen, Xabier Lasa urretxuarrak Urretxu-Zumarragako euskara ikerketa lana aurkeztu zuen, eta Oroitz Maiz akordeoilari gabiriarrak kontzertu garrantzitsua egin zuen Bartzelonan. Maiz 2015eko otsailean hil zen, zorigaiztoko gertaera beten ondorioz.