Ostalari berriek bihar zabalduko dute Gabiriako Ostatua
Irekiera ekitaldia ostegunean (azaroak 28) 19:00etan egingo dute. Pintxoak doan jarriko dituzte, eta Txost musika taldeak girotuko du inaugurazioa.
Hamar egunean itxita egon ondoren, Gabiriako Ostatuak bihar irekiko ditu berriz ateak. Aro berria hasiko du, ostalariak aldatu baitira. Eider Martinez zumarragarrak eta Mikel Asurabarrena gabiriarrak lortu dute lehiaketan Ostatuaren kudeaketaren esleipena. Bihar, osteguna, 19:00etan egingo dute irekiera ekitaldia. Pintxoak doan eskainiko dituzte, eta Txost musika taldeko lagunek alaituko dute inaugurazioa.
Herriko bilgune izateko asmoz helduko diote langintzari. Taberna eta jatetxe zerbitzuak emango dituzte, eta etorkizunerako ostatua jartzeko asmoa ere badute. Baina ez hori bakarrik. Herri dendari bultzada eman nahi diote, eta orain arte eros zitezkeen bertako produktuen eskaintza handituko dute. Bestetik, herriko artisauen lanak ere jarriko dituzte dendan.
Eskolako jangela zerbitzuarekin hasita daude jada, joan den azaroaren 18az geroztik. “Oso gustura gaude gu, eta umeek ere hala daudela esan digute. Oso esker onekoak dira Gabiriako haurrak, dena oso goxoa dagoela esan digute eta”, esan dute Martinezek eta Asurabarrenak.
Eguneko menuak eta asteburuko bereziak
Sukaldeari dagokionez, eskaintza apaletik baina zabala eskainiko dute. Eguneko menuak izango dira Ostatu berriaren ardatza. Astegunetan, egunero bazkaldu ahalko da. Asteko atsedenaldia astelehen arratsaldeetan hartuko dute, baina bazkariak eman ondoren. Gainontzean, asteburuetan menu bereziak izango dituzte. Plater konbinatuak, ogitartekoak eta anburgesak ere ugari. “Beharrak ikusi, eta joango gara eskaintza moldatzen”.
Beste berritasun bat eramateko janariarena izango da. Bertan prestatutako jana etxera eraman ahalko dute bezeroek, lehenengo aldiz, Ostatuan.
Tabernari dagokionez, pintxoak eskainiko dituzte, egunero, goizetan. Giroa sortu nahi dute: futbol partidak edota txirrindularitza karrerak zuzenean jarriko dituzte, kirol porrak antolatuko dituzte, musika taldeen kontzertuak tarteka… Pintxo-potearekin ostiraletan jarraituko dute, orain arte bezala. Kainuko lau garagardo mota jarri dituzte.
Ostatuaren esleipen berean datorren baratzeari ere etekina atera nahi diote. “Garaia iristen denean, udaberrian, baratzea landu nahi dugu, eta bertako produktuak Ostatuan eskaini gero”.
Zumarragako Ziaboga taberna gidatu dute orain arte Martinezek eta Asurabarrenak. “Han lan egindakoa eta ikasitakoa ondo etorriko zaigu Ostatuan, baina hemen ezberdina izango dela jakinda gaude”. Lehengo telefonoa izango du Ostatuak: 943 88 79 13. Gogoa eta ilusioa dute elikagai, ireki bezperan.