Azaroa gozo agurtu da jakiz eta giroz
Eguraldi atsegina azaroko azken azokan. Lehen kardu eta greloak agertu dira, odolki usain gozoz inguraturik. Arkume denboraldia hasi da.
Goizean goizetik soma zitekeen odolki usaina plazan. Gipuzkoako txapelketa egin zuten Ordizian 21. aldiz, eta lehiara aurkeztu ziren 17 odolkigileren artean beste behin Beasaingo Olano harategikoenek irabazi zuten.
Bestela, aitzakiarik gabeko feria joan zen, eguraldi argia eta tenperatura egokia. Produktuen zerrendan zer erantsia izan zen atzo ere. Lehen karduak eta greloak ekarri zituen Baliarraingo Irabiazpiko Edurne Jauregik.
Mahai gainak ari dira Eguberriko ukitua hartzen: erratza adarrak pipita gorridun dotoreekin (2 euroan sorta), eta lehen ponsetia edo kolore askotako pazko loreak ere bai (5 euroan txikiak, eta 8 euroan landare handiak).
Mikologian, gutxitan bezalako aukera. Zortzi mota ezberdin zenbatu genituen. Preziatuenak onddoa eta gorringoa badira ere, zizahoria, saltsa perretxiko beltza, oin urdina, mendiko angula, esnegorria eta tripakia ere aukeran ziren, Lasaren eta Barcinaren (Basoa) postuetan guzti horiek. Hemen bertan jasotakoak, onddo gutxi batzuk (3 kilo) eta tripaki kilo pare bat besterik ez.
Behi esne ekologikoa
Olaberriko Etxeberri Goiko Judit Gartziaren postuan eros daiteke Behieko behi esnea, «larrean ibilitako behiena da; zer zereal ematen zaien asko zaintzen dugu, ahalik eta gertukoena, eta ekologikoa». Pasteurizatua saltzen da, 1,2 euroan litroa, behin eta berriz erabili daitekeen kristalezko botilan (0,30 zentimo).
Gainerako esneki hauek ere topatuko ditugu postu berean: lau behi gazta ezberdin (pasta prentsatuarekin egindako freskoa eta ondua, pasta bigunarekin egina eta laktikoa), gaztanbera, gazta krema, jogurt naturala eta gaingabetua. Ekoizpen mota bakoitzari buruzko jakin mina asetzeko, Judit prest aurkitzen dugu asteazkenero uztailaren 3an etortzen hasi zenez geroztik.
Arkume denboraldia
Esku bete lan izango dute artzainek hemendik aurrera. Arkume jaiotzak gertutik zainduz eta haiek kendu orduko gazta egiten hasiko dira. Larsabi elkartea izango dugu denboraldi honetan ere prezioaren berri emaile. Hainbat artzain elkartu eta latxa ardiaren alde lanean ari dira Larsabin. Amaren esnearekin hazitako arkumeak saltzea ezinbestekoa da elkartean parte hartzeko. Logo berezi bat ere sortu dute hemengo arkumea identifikatzeko. Horrela, hemen eta natural hazitakoa dela jakingo dugu erosleok.
Atal honetan, astero emango dugu saldua izan deneko azken prezioaren berri, arkumea bizirik pisatuta; hala, aste honi dagokiona kiloko 4 eurokoa + BEZa da.
Gainera, denboraldiaren bukaeran Latxa arkumearen logoarekin komertzializatu duten artzainek, elkarteko kide direnek alegia, ordain erantsia jasoko dute.