Ormaiztegin festak ez du etenik
Ormaiztegiko Ander Deunaren jaiak bihar hasiko dira ofizialki. Udalerriko ikasleek buruhandiak berritu eta berriak ere egin dituzte. Festetako pregoilariak Zumalakarregi Museoko langileak izango dira.
Ormaiztegin Ander Deunaren festak aurreko asteburuan hasi ziren arren, bihar izango da txupinazoa eta jaien lehen egun ofiziala. Buruhandi berriak eta berrituak aterako dituzte kaleetara, eta Zumalakarregi Museoko lantaldeak egingo du pregoia, aurten museoaren 30. urteurrena ospatzen ari direlako.
San Andres herri ikastetxeko ikasleek buruhandiak berritu dituzte. Duela 35 urte egindako piezak zaharberritu dituzte. Mikel Ibarzabal artistaren gidaritzapean, 6. mailako ikasleen esku egon da berrikuntza prozesu osoa. Atzo, buruhandien aurkezpena egin zuten. Guztira zazpi buruhandi egin dituzte; hiru zaharberritu, eta lau berri egin dituzte.
Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak esan zuenez, «berritze prozesuan, orain 35 urteko sistema bera erabili dugu, eta herritarren partaidetza azpimarragarria izan da, auzolanean egin dugu». Guraso elkarteak ere parte hartu duela erantsi zuen, «irakasleen laguntzaz, ostiral arratsaldeetan aritu dira, baina lana, batik bat, ikasleen esku egon da».
Ibarzabalek hitza hartu zuen esateko zeuden buruhandiak berritzeaz gain, berriak egiteko proposamena egin zuela, «haurrekin ez dut aurretik lanik egin. Oso ondo lan egin dute». Lan guztia hamabi ordutan egin dute.
Azkenik, ikasleek lan prozesua azaldu zuten, hau da, pausoz pauso buruhandiak nola egin eta berritu dituzten. Zazpi buruhandiak,berrituak eta berriak, kaleetara aterako dituzte txupinazoarekin batera.
Zumalakarregi, 30 urte
Bestetik, biharko txupinazoa bota, eta Zumalakarregi Museoko lantaldeak pregoia egingo du. Museoa ireki zutela 30 urte bete dira.
Beste berrikuntza bat ere izango du biharko egunak. Hain zuzen, txupinazoaren aurretik eta ondoren Ormaiztegiko kaleak girotuko dituzte trikitilariek. Tabernaz taberna joango dira musika zabaltzen udalerriko gazteekin batera.
Aurten Ander Deunaren eguna betea dator Mozorro Egunarekin bat egin duelako egutegian. Igandean Ormaiztegiko Odolki Egunak 33. ekitaldia izango du. Urrezko Odolkia Luis Mokoroa sukaldariak jasoko du. Iñaki Sasietari omenaldia egingo diote igandean; urteetan ardo dastaketaren antolaketan lagundu zuen ormaiztegiarra iaz zendu zen.
Urtero bezala, hainbat erakusketa egongo dira ikusgai jaiek iraun bitartean: Heliodoro Etxeberriaren bilduma Iriarte Goenan, Leopoldina Rosa, gaur egungo istorio bat Zumalakarregi Museoan, eta Gizarte Etxean Pirinioetako burdinaren ondare industriala.
Pintxo Elegante onena Eskola Zaharra tabernak
Atzo eguerdian XIX. mendeko Eleganteen VII. Bilkurari lotutako Pintxo Eleganteen VI. lehiaketako irabazleari saria eman zioten. Pintxo onena Eskola Zaharra tabernan egin zuten ormaiztegiarrek emandako botoen arabera. Yenni Vacak jaso zuen saria. Hain zuzen, 10 puntutik 8,8 eman zizkioten batez beste herritarrek.
Hiru tabernak parte hartu zuten gaztaina ezinbesteko osagai zuen lehiaketan: Murua, Itxune eta Eskola Zaharra taberna. Botoa eman duten herritarren artean Kuko jatetxean bi otordu zozkatu zituzten eta Elixabete Ormazabalek irabazi zuen saria.
EGITARAUA:
Ostirala. Jaien hasiera.
· 10:00-14:00: Haur parkea, Zubipe kiroldegian.
· 16:00-18:30: Zumbalain musika animazioa, karpan.
· 18:00: Trikipoteoa.
· 18:30: Zumba saio parte hartzailea ikastaroko txikiekin, karpan.
· 19:00: Pregoia eta txupinazoa. Pregoilariak: Zumalakarregi Museoko lan taldea, museoaren 30. urteurrenean. Ondoren: Buruhandiak eta trikitilariak.
· 20:00: Helduen danborrada, herriko kaleetan zehar.
· Ondoren: Helduen danborradako partaideen afaria, Itxunen.
· 23:00: Kontzertua, gazteek antolatuta, karpan: Basagain.Larunbata. Mozorroen Eguna.
· 10:30: Txindata musika eskolako txistularien goiz eresia, herriko kaleetan zehar.
· 11:30: Urmaiz abesbatzak abesturiko meza.
· 12:00: Udalak eskainitako hamaiketakoa, Barduliarrak elkarteak lagunduta, eliz atarian.
· 13:00: Herri kirol jaialdia karpan. Harri jasotzen: Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza. Aizkoran: Iñaki Azurmendi – Ugaitz Mugerza eta Irati Astondoa – Miaka Aristegi.
· 12:00-15:00: Jundajo txaranga herrian zehar.
· 14:30: Mozorroturiko lagun taldeen bazkaria, kiroldegian.
· 17:00: Zezentxoak eta poniak, 16 urtetik beherakoentzat, eskolako zelaian.
· 18:15: Mozorrotuen jaitsiera, elektrotxarangarekin.
· 20:00: Mozorro lehiaketako sari banaketa, karpan.
· 23:00-03:00: Iratzar taldearen berbena, karpan.Igandea. Odolki eguna.
· 10:00-14:00: Haurrentzako parkea, Zubipe kiroldegian.
· Goiz osoan zehar: Artisau produktu gastronomikoen azoka, Muxika egurastokian.
· 11:00-14:00: Herriko plazan:
· 33. Odolki lehiaketa.
· 22. Odolkientzako osagaien azoka eta lehiaketa.
· Odolkia osagai duten plateren 18. sukaldaritza lehiaketa.
· Luis Mokoroari aitortza eta Iñaki Sasietari omenaldia.
· 12:00: Martin Callejo II. Ardo Dastaketa, Zumalakarregi kaleko karpan. Segidan: Lehiaketetako sari banaketak.
· Ondoren: Odolkia babarrunekin pintxo dastaketa, Basotxulo elkartearen laguntzarekin.
· 18:30: Kontzertua Hiru Bidean taldearekin, Gizarte etxean.
· 19:30: Kontzertua karpan: Alarma Morea.