«Musika droga da alde batetik, eta odola zainetan bestetik»
Ataungo Herri Antzokian 'Vint anys' kontzertua egingo du Joseba Tapiak (Lasarte, 1964), bihar 22:00etan. Hamar musikariko taldearekin errepasatuko ditu bakarkako 20 urteak.
Ataunen ‘Vint anys’ birako kontertua egingo duzu. Non datza proiektuaren muinak?
Hogei urteko ibilbide diskografikoa dago atzean. Zazpi disko, ehun kantu eta oraindik gogoa musikan… Oraindik zerbait gehiago esan beharra. Hoberako asmoan beti.
Duela urte bat hasi zenuen. Zer moduzko uzta ari da ematen?
Hasi, duela bi urte hasi nintzen kantuak hautatu eta moldaketak egiten. Lehen emaitza iazko abenduan Victoria Eugenian eman genuen kontzertua izan zen, eta indartsu atera ginen oholtzara. Geroztik hamaika ile mozte eta aldaketa egin dugu. Oraintxe gaude bete-betean. Ez da giro izango Ataunen!
Izen katalana. Keinuren bat zerbaiti?
Nola ez! Raimon, Pi de la Serra, Lluis LLach… ezinbestekoak izan ditugu gure kantagintza modernoa osatzerakoan. Sarritan gonbidatzen gaituzte Kataluniara, eta egoera politikoak indartu egin du gure atxikipena.
Jatorrira itzultzea bezalakoa izan da proiektu hau? Trikitia da zentrala?
Gu instrumentu zaleak gara. Urte asko daramatzagu musikarien eta musika tresnen artean. Pixkanaka, denboraren eta lanaren poderioz bat baino gehiago jotzera iritsi gara. Hortik aurrera hautaketak lotura gehiago du proiektuarekin nostalgiarekin baino.
Orkestrazioa ere aberatsa da, baita ahots taldea ere. Kontzertuan 10 musikari, alajaina.
Saxoarekin Ibon Irixoa, tronpeta ezpainetan Jon Celestino, tronboia bizkarrean Asier Ituarte (Ataunen Eneko Urrestarazu ariko da), organoarekin Jexux Aranburu Txus, gitarra apalean Iñigo Telletxea, jazpanarekin Iker Uriarte, kantuan Kristina Aranzabe, Leire Berasaluze eta Nerea Erbiti… Berebiziko tropa.
Nazkatuta al dago euskaldun mundua beti berriaren bila aritzeaz? Zaharra alboratu, baina berriro haren bila ote goazen…
Berririk ez dugu nahi, edo beste nonbaitekoa erosten dugu; eta zaharra nostalgiatik bilatzen ote dugun daukat susmoa. Nik esango nuke berri ausarta eta zahar berritua behar dugula. Gure mundua aldatuz doa eta kantuak testuinguru bat dauka beti. Bizirik segitzeko modua da kantu berria edo berritua.
Zeu beti sorkuntzaren gurpilean biraka zabiltza. Zerk mugiarazten zaitu?
Alde batetik, musikarako pasioa, zaletasun animalia eta erraztasuna. Bestetik, lanarekiko konpromisoa. Droga da alde batetik eta odola zainetan bestetik. Analitikak egin behar maiz.
Baina trikitia beti gogoan eta altzoan. Edo ez dago zertan?
Soinu txikiak ez dit hutsik egin sekula. Baina ez dut amodioa partekatzeko kontzientzia txarrik eduki. Alderantziz esango nuke; jantzi, lagundu, irakatsi egin izan dit instrumentuekiko promiskuitateak.
Egongo da probatu nahi eta probatuko duzun zerbait.
Nola ez. Probatu gabeko jaki asko dago musikan eta kantagintzan. Gose naiz. Forma berriak, estruktura eta estetika musikal berriak, estetika eta jarrera berriekin kezka berriak… Probatu eta ea asmatzen dudan. Betiko borroka da.
Aurki (2021ean) 40 urte plazetan. Segi egin behar ala segi egin nahi? Nola dabil gaur egun Joseba Tapia?
Hor ere borrokan. Lurra landu gabe ez dator ezer. Terreno gero eta txikiagoan toki bila. Lehen esfortzu gutxiarekin lortzen genuena askoz ere zailagoa da gaur. Edadea izango dela esango duzue, baina gazteentzako ere ez dut lantegi erraza ikusten gure hau.
Ataunen aritzeak zer du berezitik zuretzat?
Ataun erreferentzia izan da niretzat. Nerabezaroan ezagutu nuen eta izugarrizko mugimendua ezagutu nuen. Aitzindaria izan da Ataun herri kulturan, politikan, giza harremanetan, euskara ederrean. Familia erdia bertan bizi dut, lagun asko ere bai.
Memoria historikoaren zikloan ariko zara. ‘Vint anys’ ere bada, nolabait, horren ariketa bat?
Hala da, bai. Kantuak eman izan digu askotan gertatuaren berri fidagarria. Egunkarian Konfebasken deklarazioak ikusten ditudanean, hauxe datorkit burura: «Gure nagusia, gaixo nagusia, goizetik arrats ta urte guzia nigarrez, nigarrez…». Errobirena da: berrogeita gehiago urte gaurko egia kantatu zutela.