Euskararen eguneko atarikoak
Euskara bizi-bizi dagoen herrien hauspoari garrantzia emanez hasiko dira Goierrin Euskararen Egunaren aurreko ekitaldiak. Zerainen gaur aurkeztuko dute 'Arnasa gara'
Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatuko bada ere, eta ekitaldi gehienak egun horretan izango diren arren, Zerainen, Seguran, Gabirian, Lazkaon eta Urretxun gaur hasiko dituzte euskararen inguruko ospakizunak. Urretxuko Mintzodromoa ohiko ekitaldietako bat da, baina Zerainen, Seguran, Gabirian eta Lazkaon badituzte berritasunak.
ZERAINEN, ‘ARNASA GARA’
Uemak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek Arnasa gara kanpaina antolatu dute, euskararen arnasguneetako biztanleen ahaldun- tzea, aitortza eta kontzientziazioa sendotzeko, eta gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetzeko helburuarekin.
Ekimenak bi fase ditu; lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarri da ekimena azaltzeko. Kanpaina horren barruan, Kartzela serie digitala herriz herri aurkeztuko dute.
Goierriko aurkezpena Zerainen egingo da, gaur, 18:30ean kultur etxean, bertan euskararen erabilera %80koa baino handiago denez, Goierriko arnasguneetako bat delako. Gaurko ekitaldian Kartzela webserieko pare bat kapitulu ikusteko aukera izango da. Arnasguneetako eztabaidak eta bizipenak erdigunean jartzea du helburu webserieak. Ekitaldiaren amaieran, mokadutxoa izango da.
SEGURAN, HITANOALDIA
Seguran aspalditxoan ari da Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara elkartea hitanoaren erabilera areagotzeko lanean. Hitanoaren erabilera ohiturari buruzko ikerketa egitearekin batera, pegatinak eta poltsak osatu dituzte aurreko urteetan. Aurten, gaur hasita, urrats bat gehiago egingo dute, Hitanoaldia antolatuta. Hi! hitza daraman txapa beltz-horia banatuko dute herriko tabernetan, hitanoa erabiltzen dutenek paparrean jar dezaten.
Bestalde, Euskararen Egunaren harira antolatzen duten lehiaketan, hitanoari buruzko galderak egingo dituzte aurten. Parte hartzeko galdera orriak tabernetan jaso ahal izango dira. Abenduaren 15era arteko epea dago galderak erantzuteko. Liburu azokan egingo da sari banaketa.
Azkenik, abenduaren 3an, Segurako Udalak Bikain euskararen urrezko kalitate ziurtagiria jasoko du.
LAZKAON, ‘AMERRI’ SAIOA
Lazkaon Euskararen Egunak izendatu dituzte atzotik asteartera bitartekoak, egun bakarrean geratu gabe. Atzo iluntzean sumatu zen aurreko giroa, Bentazaharreko Mutiko Alaiek girotu baitzuten iluntzea, kalean. Eskola-umeek eta herritarrek, herrian barrena jarritako sareetan mezuak zintzilikatu zituzten.
Gaur, Amerri ikuskizuna izango da eguneko plater berezia. Areria antzokian, 20:15ean, lau artistak onduko dute. Sarrera 5 euro da. Andoni Salamero olerkari zumarragarra, Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikari baionarrak eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarra ariko dira.
Espresio-diziplina ugari uztartuta, ama-ren metaforaren sentiberatasun, samurtasun eta ulermenetik, «pertsona bakoitza den herria ikusteko» egitasmo berezia da Amerri.
Olerkia, musika eta bertsoa dira garraiatzaile, baina ikusleen esku hartzea ere bada funtzioaren zereginetako bat, «jendearen sortzaile-izatea sustatzeko». Prosa-poesiazko 13 paragrafo ditu gidoiak, eta hainbat gai azaleraziko dituzte.
Lazkaon, gaur goizean kantu-jira berezia egingo dute, 11:00etan, plazan. Berezia izango da, ikastolako haur guztiak aterako baitira. Herritarrak ere batu daitezke, ohi bezala. Hiru abesti elkarrekin abestuko dituzte, eta ETBk grabatuko du.
GABIRIAN, BERTSO-AFARIA
Asteburuan ongarrituko dute euskararen lurra gabiriarrek, bi ekimenekin. Batetik, Nokaldia igandean bukatuko da. Emakumeei egiten zaie hitano mota, noka, lantzen ari dira joan den azaroaren 23tik. Mutilekiko toka bai, baina noka galtzen ari dela jabetuta, hizketa-molde hori mantentzea, ez dakitenek ikastea eta erabiltzera ohitzea dira Nokaldiaren helburuak.
Hiru saioko ikastaroaren ondotik, 40 lagunek eman dute Nokaldian izena, eta 75 txapa banatu dituzte. Egunotan, etzi arte, paparrean jantzita izango dute partaideek, eta emakumezkoen kasuan, haiei noka egitera gonbidatuko dute solaskidea.
Nokaldiaren bukaera gisa eta Euskararen Egunaren pregoilari modura, herriko bertsolariekin bertso-afaria egingo dute. Euskaraldiaren aitzakian, iaz bazkaria izan zen, lehen aldiz. Ostatuan da afaria, bihar. Aratz Igartzabalek, Gorka Maizek, Maialen Akizuk eta Endika Igartzabalek kantatuko dute ondoren, laurak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritu direnak.
Bertso-afarirako izena eman behar da, aurrez (687 850 402).
URRETXUN MINTZODROMOA
Urretxun eta Zumarragan bi ekitaldi antolatu dituzte Euskararen Eguna ospatzeko: Mintzodromoa eta Gonzal Mendibilen kontzertua.
Mintzodromoa dagoeneko klasikoa da. Bihar bederatzigarrenez egingo dute: 11:00etan, Urretxuko udaletxeko portaloian.
Ekitaldi hau Urretxu eta Zumarragako udalek antolatzen dute. Mintzalaguna egitasmoaren inguruan sortu zen, parte hartzaileek elkar ezagutzeko eta euskaldun zaharren eta euskaldun berrien arteko hartu-emana sustatzeko. Nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Baldintza bakarra euskaraz hitz egitea da.
Urteroko moduan, kafea eta bizkotxoa zerbitzatuko dizkiete eta ordu bete emango dute berriketan. Ordu laurdeneko lau solasaldi egingo dituzte. Ordu laurdenero, gaiak eta mintzakideak aldatuko dira. Gaiei dagokienez, albisteak, gai orokorrak eta euskara izango dituzte hizpide.
Urtero 50 bat lagunek parte hartzen dute Urretxuko eta Zumarragako Mintzodromoan. Iaz gehiagok parte hartu zuten, Euskaraldiak sortutako olatuaren eraginez.
Bestalde, Urretxuko Udalak Gontzal Mendibilen kontzertua antolatu du. Musikari bizkaitarrak Biok diskoa aurkeztuko du, Urretxuko eta Zumarragako Goiargi abesbatzarekin batera.
Kontzertua bihar izango da, 20:00etan, Urretxuko Tourseko San Martin elizan. Sarrera doan izango da. Mendibilek harreman estua du Urretxurekin. Izan ere, 1990eko hamarkadan Iparragirre hegalaria diskoa eta ikuskizuna egin baitzituen.