Troskaeta koba garbitu dute, egoera «txarra» ontzeko premiaz
Arkeologoek ikuskatu ondoren, Troskaeta kobaren egoera txarra zela ikusi, eta auzolanean garbitu dute, hainbat eragileren arteko elkarlanean.
Ataungo mendi lurretan dagoen Troskaeta koba auzolanean eta elkarlanean garbitu dute, hainbat eragilek. Ondare gisa katalogatua du Eusko Jaurlaritzak, besteak beste Jesus Elosegik 1940an Ursus spelaeus haitzuloetako hartzaren hezur ugari aurkitu zituelako. Baina egoera txarrean zegoen kobazuloa, eta udalaren laguntzarekin hobetu dute Atauniker, Otsotarrak, Aranzadi eta On Produkzioak elkarteek, eta boluntarioek.
Hainbat hilabetetako prozesua izan du garbiketak. Ekainaren 6an, Kantabriako Unibertsitateko arkeologo Diego Sodupek ikuskatu zuen Troskaeta, eta «egoera txarra» salatu zuen: estalaktikak eta estalagmitak puskatuta, grafitiak eginda, zaborra…
Irailaren 21ean hasi zen garbiketa lana, bai hormetako pintatuak kentzeko, bai kobara botatako hondakinak ateratzeko. Errenteriako Aizpitarte elkarteko espeleologoek lagundu dute.
Denetariko zaborra atera dute: sokak, latak, egurra, pilak, plastikoa… Azaroaren 23an, koba sarreran argibide-ohola jarri zuten, koba zaintzeko eskatzeko.