Gurasoei Gutuna lehiaketaren sari banaketa egin dute Igartzan
Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa eta ia 300 idazlan laburek eta marrazkik parte hartu dute
Zazpigarren Gurasoi Gutuna idazlan labur eta marrazki lehiaketaren sari banaketa egin dute Igartza Jauregian, Beasainen. Itxaro Mendizabalek hartu du lehenik hitza “partaide guztiei eskerrak” emateko. Aurtengoan ere parte hartzea “handia” izan da. Guztira ia 300 izan dira jasotako lanak. Epaimahaia osatu duten Ekaitz eta Irati Goikoetxea ere ekitaldian izan dira. Iratik esan du, aukeraketa lana egitea “ederra eta intentsoa” izan dela eta esker ona erakutsi du “lanketa hau egiteko aukera emateagatik”. Ekaitzek ere, arrebaren bidetik, “lehiaketaren garrantzia” nabarmendu du, “lehiaketaz harago egin daitekeen lanketagatik”. Irakurritako lanen artean “gutun oso desberdinak eta orotariko emozioak erakusten dituztenak” izan dira. Ekitaldian izan dira baita ere Amaia Ruiz de Galarreta, aurkezle lanak egiten, eta Leire Bujanda, ekitaldia piano doinuez janzten.
Sarituei dagokienez, marrazki lehiaketan Izar Zubiaurrek, Nora Aiastuik, Laia Azurmendik eta Lide Lorenzo Da Silvak Jaso dituzte sariak. Sari nagusia berriz Eleder Lavillarentzat izan da.
Idazlan laburretan, aipamen berezia jaso dute Marian Toledo eta Uxue Llorente ama-alabak. Haurren kategorian, Malen Arab-ek eraman du saria. Kategoria horretan aipamen berezia egin diote Maddi Azurmendiri. Gazteen kategorian Noa Barandiaran izan da irabazlea eta helduen kategorian Leire Mendizabal.
Ekitaldiari amaiera emateko, sarituen argazkia egin eta mokadutxo bat jan dute ondoren.