Olano harategia txapeldun Ormaiztegiko 33. odolki lehiaketan
San Andres jaien barruan, 33. odolki lehiaketa eta azoka egin dituzte gaur Ormaiztegin. Iñaki Sasieta eta Luis Mokoroa omendu dituzte.
San Andres jaietako azken egunean plazaratu da 33. odolki lehiaketa. Podiumeko buru Beasaingo Olano harategia izan da. Bigarren eta hirugarren postua, berriz, herriko bi harategientzat izan da: Murua eta Deba, hurrenez hurren.
22. odolkientzako osagaien azoka eta lehiaketa ere ospatu da Ormaiztegin. Osagaien artean Maria Jesus Oriaren porrua eta tipula gailendu dira. Perrexil eta oregano postu hoberena, bestalde, Juanito Murgiondok eskuratu du.
Horrez gain, odolkia oinarritzat hartuta prestatu den platerik onena Itziar Cuadradorena izan da. Aurkezpenik politena, ordea, Edurne Mendizabalek egin du.
Are gehiago, gastronomia munduan lehen esperientziak bizitzen ari diren gazteak saritzea ere Ormaiztegin garrantzitsua denez, Juan Jose Lapitz gazte sukaldarien saria jasotzeko ohorea izan du Ohiane Gazteluk.
Omenduek ere izan dute tartea gaur ospatu den Odolki egunean. Alde batetik, zendu zen Iñaki Sasieta herritarra omendu dute, besteak beste, ardo dastaketaren antolakuntzan eta beste ekimenetan egindako lanarengatik. Familiako kideek lore sorta bat jaso dute. Bestetik, Gastronomiazko Euskal Anaiarteko kide den Luis Mokoroari aitortza egin diote, oroigarri txiki bat oparituz Odolki Lehiaketari urtez urte eskaintzen dion babesarengatik.
Lehiaketez gain, herritarrek Martin Callejo II. ardo dastaketaz gozatzeko aukera izan dute Zumalakarregi kaleko karpan. Eta nola ez, eguneko protagonista babarrunez lagundurik dastatzeko unea ere egokitu da. Jana eta edana artisau produktu gastronomikoen azokarekin bat eskaini da.
Gainera, bertara gerturatu direnen artean zozketa egin da. Aurten Jose Murua eta Maria Etxeberria izan dira zortedunak.