Adifek 4,7 milioiko inbertsioa egingo du Legazpiko tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko
Geltokiaren eraikin berriaz gain, trenbidearen azpiko pasabidea egin, igogailuak jarri eta nasa zabalduko dute.

Adif-ek bukatu du dagoeneko Legazpiko tren geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko proiektua. Geltokiaren eraikin berria, trenbide azpiko pasabidea, igogailuak eta markesina berriak, eta nasa handitzeko lanak egingo dituzte; guztira, 4,7 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute.
Eraikin berria, kalearen eta trenbidearen arteko desnibela kontuan hartuta egingo dute. Horrela, herrigunetik 130 metro gertuago geldituko da geltokiko sarrera berria. Eraikinaren sarrera eta bidaiarien kontrol gunea beheko solairuan jarriko dituzte. Handik, eskailera nahiz igogailu bidez igo ahal izango da goiko pisura, alegia, trenbideko nasetara. Han markesina berriak jarriko dituzte, bidaiariak eguraldi txarretik babesteko. Nasak ere zabaldu eta luzatu egingo dituzte, geltokirako proiektatu duten sarbide berriarekin lotzeko.
Proiektu horren osagarri izango dira lehendik geltokian eginda dauden irisgarritasun lanak. Bigarren nasara joateko pasabidea eta aldapa lehendik eginak baititu udalak. Lan horiek, Adifen eta Udalaren arteko elkarlan akordioa sinatu ondoren egin zituzten, bidaiarien segurtasuna bermatze aldera.