Ampo Ordiziak ligako liderra mendean hartu du, Valladoliden
VRAC Quesos Entrepinares talde indartsuari 10-25 irabazi dio Ampok, etxetik kanpo, liderraren zelaian jokatutako partidan. Liderrarengandik bi puntura jarri dira ordiziarrak.

“Ikaragarria”. Hitz horrekin deskribatu dute OREko kideek atzo Pepe Rojo zelaian lortutako balentria. Izan ere, Ohorezko mailako liderra, VRAC Quesos Entrepinares mendean hartu dute, non eta Valladoliden. Ez da garaipen erraza izan, ordea. Aurreneko 20 minutuetan, sufritzea tokatu zaie ordiziarrei, baina “hortzak estututa eta lan mardula eginez”, aurrera egin eta egoerari buelta ematea lortu dute. Hortik aurrera, izandako aukerak aprobetxatu eta markagailuan aurretik jarri dira ordiziarrak.
Bigarren zatian ere, sekulako lana egin behar izan dute, VRACekoak erasoan atera baitira. Ekaitzari aurre egin diote, ordea, Ampokoek, eta azkenean 10-25 irabaztea lortu dute. Julen Goia, Valentin Cruz eta Alain Araña izan dira entsegugileak. Gorka Elosuak lehen taldearekin debutatu du, eta Erlantz Garmendia, bere hirugarren partidan, haserako hamabostekoan atera da.
Asteburuko garaipenak konfiantza eta indarra eman die ordiziarrei, “Ampo Ordiziak gauza handiak egiteko moduko taldea dela” erakutsi baitu. Eta ez da gutxiagorako; sailkapeneko laugarren postuan daude, hirugarrenarekin 32na puntutan berdinduta, eta liderrarengandik 2 puntu eskasera. Orain, egindakoari etxean eustea tokatzen da, goiko postuetan jarraitu ahal izateko. Hurrengo hitzordua Altamiran izango dute, gaur zortzi, Aldro Independiente talde kantabriarraren aurka.