Elustondo finalean, Apalategi atarian
Tolosako hirugarren eta azken final aurrekoarekin erabakita gelditu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko duten zortzi bertsolarien zerrenda. Nerea Elustondo legazpiarra izango da eskualdeko ordezkari bakarra Illunben.

Jon Maiak irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final aurrekoa. Tolosako saiotik, Oihana Iguaran eta Beñat Lizaso ere sailkatu dira finalerako; Iban Urdangarinek bosgarren egin du, eta ez du 467 puntuen langa gainditzerik lortu.
Final aurreko guztiak bukatuta, erabakita gelditu da Donostiako finalean ariko den zortzikoa. Final aurreko bana irabazi duten Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia batetik; eta bestetik, puntukako sailkapena lortu dutenak: Alaia Martin, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo. Legazpiarra izango da Goierriko ordezkari bakarra finalean. Iñaki Apalategi ere gertu ibili da, 459 punturekin, sailkatzetik 8 puntu eskasera gelditu baita beasaindarra.
Finala abenduaren 14an jokatuko dute, 17:00etan hasita, Donostia Arenan (Illunbe). Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean.