Segurako haur eskola eta euskara bultzatzeko ekimenak
Gaur hamabost urte zabaldu zuten ofizialki Segurako Haur Eskola. Beasainen gaztetxoen artean euskara bultzatzeko egitasmoa jarri zuten martxan. Eta Xabier Lasak Urretxu-Zumarragako Euskara ikerlana argitaratu zuen.

Umeak eta euskara izan zituen gai nagusi Goierriko Hitzak, gaur hamabost urte argitaratutako egunkarian. Seguran, Haur Eskola zabaltzeko ekitaldi ofiziala egin zuten, Anjeles Iztueta sailburua bertan zela. Irailean hasi zen martxan Haur Eskola, lau umerekin, baina irekiera ekitaldia abendura atzeratu zuten. Mikel Areizaga alkateak “segurarrak herrian bertan gelditzea” lortu nahi zutela esan zuen, eta Haur Eskola zabalduta, “herritarrei eskainitako zerbitzuetan gehiago” sakondu nahi zutela. Iztuetaren ustez ere, “oraingo bikoteentzat behar beharrezkoa” da zerbitzu hori, “biek lana eginda haurrak beste baten esku uztea zaila” baita askorentzat. EAE mailan zabaldutako 81. Haur Eskola izan zen Segurakoa.
Beasainen berriz, lagun artean euskararen erabilera bultzatzeko Kuadrillategi egitasmoa jarri zuen martxan udalak, laugarren urtez. 12 eta 14 urte arteko 90 bat gaztetxok parte hartu zuten egitasmoan. Euskara eta aisialdia elkartuz, gaztetan euskararen erabilera bultzatzea da ekimenaren helburua, Andoni Sarriegi udal teknikariaren arabera, “gaztetan erabiltzen den hizkuntzak finkatzen baitu gerokoa”.
Euskararen inguruko gaiekin jarraituz, Xabier Lasa filologoak Urretxu-Zumarragako euskara ikerlana argitaratu zuen, eta harekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak. Bertan, “gure aurrekoen bizimodua eta hizketa ahazteko” arriskuaz mintzo zen Lasa, eta “jatorrizko euskara herriko etxe batzuetan eta baserrietan” entzuten bazen ere, “denborarekin galtzen” joango denaren susmoa agertu zuen. Zintzo-Mintzo elkarteak eta Udalak bultzatutako ikerketa beka baten bidez argitaratu zuen lan hori.