Egunkariko auzipetuak, Madrilen
Gaur hamabost urte, Egunkaria auziko auzipetuek, tartean Txema Auzmendi ordiziarrak, Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten, haien kontrako "akusazio larriak" erabat ukatuz. Iñaki Mendiguren itzultzaileak Harry Potter-en bildumaz hitz egin zuen, eta Ordizian, etorkinentzako eskuko hiztegia argitaratu zuten.
Euskaldunon Egunkaria itxi eta 22 hilabetera, auzipetutako sei lagunak Madrilera joan ziren gaurko egunez, Auzitegi Nazionalean deklaratzera. Bezperan Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten hainbat alderditako kiderekin bildu ziren, haien kontrako auziak “oinarri juridikorik ez” zuela salatzeko. Juan del Olmo epailearen aurrean ere, akusazio guztiak ukatu zituzten auzipetuek. “Egunkaria ixtea euskararen normalizaziorako funtsezko proiektu baten aurka jotzea” izan zela esan zuten, “gizartearen adostasun eta integraziorako ahalegin kolektibo bikain baten aurka” jo zutela, alegia. Txema Auzmendi ordiziarrarekin batera, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Xabier Alegria, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Pello Zubiria ziren auziperatutako lagunak.
Egun berean, Iñaki Mendiguren itzultzaile ezkiotarrarekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak. Harry Potter-en bildumako bosgarren liburua itzuli berria zuen, eta sail osoak izandako arrakastaren eta itzultzaile lanaren inguruan hitz egin zuen. “Harry Potterren istorioek horrelako arrakasta izateko faktore ezberdinek egin dute bat”. J.K. Rowling idazlearen gaitasuna ere goraipatu zuen: “Emakume honek lortu du azti sorginen mundu hori izugarrizko aberastasunarekin birsortzea. Hori, nire ustez, errealitatea eta fikzioa neurrian konbinatuz lortu du”.
Euskararen inguruko gaiekin jarraituz, etorkinentzako eskuko hiztegia banatzen hasi zen Ordiziako Udala, Goieki garapen agentziak lagunduta. Eguneroko bizimoduan erabiltzen diren 200 hitz jasotzen zituen hiztegi hark, Ordiziara eta Goierrira datozen etorkinek, euskaraz ikasteko lehen pausoa eman dezaten.