Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ordiziako saioa, abenduaren 14an
'Bizi dantza' ikuskizun berria estreinatuko dute Majori kiroldegian. Bi emanaldi egingo dituzte eta sarrerak salgai daude. Ziburuko eta Urruñako ikastolei laguntzeko bideratuko da dirua
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak abenduaren 14an izango dira Ordiziako Majori kiroldegian, Ordiziako Jakintza ikastolak, Lazkaoko San Benito ikastolak eta Beasaingo Andramendi ikastolak antolatutako saioan. Gabonen atarian, urteroko zita da, nahiz eta aurten ohi baino goizago egingo duten; hori bai, beti bezala, bi emanaldi egingo dituzte. Sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri eta salmentarekin lortutako dirua Seaskarentzat, Iparraldeko ikastolentzat izango da. Aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten Ordiziako Barrena kultur etxean eta bertan izan ziren Porrotx pailazoa, antolakuntzako ordezkariak, baita Urruña eta Ziburuko (Lapurdi) ikastoletako ordezkariak ere. Ordiziako emanaldia posible egiten duen lan taldeari «eskerrak» emanez hasi zuen prentsaurrea Porrotxek.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi dantza ikuskizun berria aurkeztuko dute Ordizian. Oraingoan dantzan datoz, eta dantzan jarriko dituzte inguruko guztiak ere, euskal dantzen tradizioari eusteko asmoz. Gainera, Ordiziako Amets Bide dantza taldeko haurren laguntza izango dute pailazoek.
Goierriko haurrekin «ongi pasatzera» datoz. Bi emanaldi egingo dituzte hilaren 14an, larunbatarekin; 16:00etan lehena eta 18:30ean bigarrena. Zortzi euro balio du sarrerak eta Goierriko hainbat herritan jarriko dituzte salgai gaurtik aurrera: Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Itsasondon, Zaldibian eta Idiazabalen
Proiektu hau, aurrekoak bezala, talde lana izan da, eta pailazoekin elkarlanean aritu dira, besteak beste, Vanesa Castaño eta Jon Maya dantzariekin eta Leire Bilbao idazlearekin —azken horrek sortu ditu doinuen hitzak, pailazo taldearekin elkarlanean—. Maite Mutuberria ilustratzailea eta Xabier Zabala musikaria ere izan dituzte bidelagun
Etorkizuna bermatu
Badira 23 urte Goierriko eta Ziburuko eta Urruñako ikastolek elkarlana hasi zutela, «euskara eta euskal kultura sustatzeko». Aurtengoan ere, elkarlaguntza ardatz hartuta antolatu dute emanaldia.
Azken urteotan urrats nabarmenak eman badituzte ere, Urruñako eta Ziburuko ikastolek «behar gorriak» dituzte oraindik, eta pailazoen emanaldiekin eskuratutako dirua «hornikuntza lanetara» bideratuko dute.