Urte osorako hauspoa hartuko du euskarak
Euskararen Eguna ospatuko dute gaur Goierriko hainbat herritan. Ikastetxeek, udalek eta herritarrek bat egin dute datarekin. Asteburu osoan egin dira girotzeko ekitaldiak
Gaur 70 urte ospatu zuen lehenengo aldiz Euskararen Eguna. Eusko Ikaskuntzak. Hiltamuzko hitzekin deskribatu zuten orduan hizkuntzaren egoera: «Eri gaizki da Eskuara, hil-hurren ez bada ere. Egun oroz gibelerat ari», zioen lehendabiziko adierazpenaren hasierak. Xabierko Frantzisko Jatsu Azpilikuetaren heriotzaren eguna hartu zuten ospikuzentarako. Kondairak dioenez, 1552ko abenduaren 3an Txinan hil zenean, euskara ama-hizkuntzan esan zituen azkeneko hitzak. 1995ean instituzionalizatu zuten Euskararen Eguna.
Dolu eta heriotza-urtemugetatik ihesi, festa giroan gogoratuko dute gaur Goierriko herri askotan Euskararen Nazioarteko Eguna. Hizkuntzaren egoerak sortzen dituen kezkak ahaztu gabe, kalean jai kutsuan batzeko arrazoi izango da. Eskualdean, hamabi-bat herritan antolatu dituzte ekitaldiak.
Ikastetxe ugarik prestatu dute norbere egitaraua. Batzuek aste osoan zehar barreiatuko dituzte, Legorretako Ugarok, kasu. Kalera irtengo dira gaur beste zenbait tokitan, Ordizian eta Lazkaon adibidez. Beasainen, ikastetxe bakoitzak bere saioa egingo du.
Udal zenbaitek, bestetik, euskararen aldeko adierazpen instituzionala onartu dute azken asteotan, udalbatzarretan. Herri mailako ekitaldietan, berriz, Topaguneak eskatuta Kike Amonarrizek idatzi duen agiria leituko dute, gaurko ekitaldietan.
Asteburutik hasita
Arnasa gara kanpainaren aurkezpenarekin, ostiraletik ari da Goierri jada Euskararen Eguna girotzen. Zerainen egin zuten aurkezpena. Urretxun mintzodromoan elkartu ziren, larunbat goizean, 40 bat lagun. Udaletxeko atarian egin zuten solasaldia.
Lazkaon, ikastolakoen kantu-jira jendetsuak alaitu zuen, ostiral goizean, asteroko juntadizoa. Gaur elkartuko dira berriz plaza berean, pregoia irakurri eta koreografia berezia dantzatzeko. Salamero, Ducau, Phillips eta Egañaren Amerri ikuskizunak 35 bat ikusle erakarri zituen, ostiral gauean. Ordu eta erdiko saio bizia osatu zuten.
Gabirian, Nokaldiaren bukaera gisa, 61 lagun elkartu ziren larunbatean bertso-afarian. Herriko hiru bertsolari aritu ziren.
«Baina zer diogu munduari emaiten ahal, ehortziak bagira guhaur? Mundu honek ez duke deus onik aterako gizaki hiletarik, jendalde biziek dute haziko», ebatzi zuten 1949ko adierazpenean. Beraz, beste urtebeterako gutxienez eman diezaiola euskarari hats gaurko bizi festak.