Aurrekontu arrunteko diru sarrerekin finantzatuko dute Majoriko aldaketa
Ez ohiko udalbatza egin zuten Ordiziako udal ordezkariek iragan asteko astelehenean, Majori kiroldegiko lanen obra kontratuaren aldaketa egiteko behar den finantziazioa mailegu bitartez lortzeko. Udalbatzak atzera bota zuen proposamena. Orain, udal gobernuak esan du «oztopoak oztopo lanek aurrera jarraituko» dutela, «arazoa konponduta» baitago.
Urriaren 17ko Tokiko Gobernu Batzordean landu zuten Majoriko lanen obra kontratuaren aldaketa, eta aho batez onartu zuten. Ondoren, urriaren 23an, Majoriren Administrazio Kontseiluan onartu zuten, aurreikusi ez ziren lanak egin ahal izateko. Udal gobernuak argitu duenez, «eskura dagoen informazio guztia eskaini zen bertan, eta kontratuaren aldaketa egitea onartu zen, guztien aldeko bozkekin, Ordizia Oraineko ordezkariarena salbu, abstenitu baitzen».
Obra kontratuaren aldaketak «aurrekontua handitzea dakar eta horrek nahitaez finantzaketa eskatzen du»m esan du Adur Ezenarro alkateak. Lehen aukera «dagoeneko daukagun mailegua handitzea izan zen, eta bide hori urratzen hasi ginen, dagokion lanketa guztiarekin». TGBan eta plenoko informazio batzordeetan gaia landu eta azaldu zen, foru aldundiak ezartzen dituen epeek eragiten duten azkartasuna azpimarratuz.
Majorin egiten ari den lanak «udalaren urteko aurrekontuaren ahalmena gainditzen du, eta ohikoa da mailegu bitartez egitea, are eta gehiago, dagoeneko mailegu batekin lanak burutzen ari garenean». Baina, ez zen posible izan. Dena den, «arazoa konponduta» dagoela adierazi du alkateak. «Finantzaketa hori aurrekontu arrunteko diru sarreretatik bideratu da, eta horrek ziurrenik datorren urteko inbertsioren bat egiteko mailegua eskatzera derrigortuko gaitu, Altamirako igogailua egiteko adibidez, baina eskatu behar bada, eskatuko dugu».