Berdintasuna etxean hasten delako
HerriLab egitasmoaren barruan, erantzunkidetasuna ikastetxeetako gurasoekin lantzeko ikastaroak abiaraziko dituzte Beasainen. 1.700 haurren familiek formazio esperimentala izango dute eskuragarri, gero esperientzia lurralde osoan hedatzeko asmoz.
Beasaingo 1.700 haurren gurasoek erantzunkidetasunean hezteko edo formatzeko aukera izango dute datozen asteotan, HerriLab egitasmoaren barruko Berdintasuna etxean hasten da proiektuarekin. Lehen Hezkuntza eskaintzen duten herriko lau ikastetxeek –Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi ikastetxea– parte hartuko dute programa esperimental honetan. Ikasleen familiek, erantzunkidetasuna zer den eta zer nolako garrantzia duen ohartzeaz gain, balio erantzunkideak transmititzeko estrategiak landuko dituzte.
Hala jakinarazi dute gaur Beasaingo udal liburutegian eskainitako prentsaurrekoan Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak; Amets Arrospidek, Beasaingo Udaleko Berdintasuneko zinegotziak, eta aipatutako lau ikastetxeetako ordezkariek.
Kontziliazio erantzunkiderako laborategia bihurtu da Beasain Herrilab egitasmoarekin, eta behin diagnosia eginda, orain ekintza plana abiatuko dute. Berdintasuna etxean hasten da lehenengo ekimena.
Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, “programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017an martxan jarritako Kontziliazio Erantzunkiderako I. Foru Planean kokatzen da. Ekintza esperimentala izango da, beraz, jarduerak berak emango baitu aurrera jarraitzeko beharrezko pausoetarako pista. Izan ere, familiak ez dira diskurtso itxi bat entzutera joango, parte hartzera baizik, elkartrukerako gunea izanik. Horregatik, ekimena Beasaingo lau ikastetxeetako bakoitzean burutuko da abenduan eta urtarrilean, haien behar eta egunerokotasunari egokituta. Jasotzen diren ondorioak, ondoren, programan txertatuko dira eta formazio egitasmo hau lurralde osoan hedatzeko lan egingo du aldundiak”.
Ikastetxe bakoitzean
Sentsibilizazio saioak ikastetxe bakoitzean izango dira, zentroak berak adostutako egunean, formakuntza plana eta gainontzeko ekintzak kontuan hartuta. Parte hartzeko interesa duten gurasoek izena eman beharko dute ikastetxeak berak bidalitako mezuari erantzunez. Saioak abendua eta datorren urte hasieran zehar burutuko dira, eta edonola ere gurasoei datu zehatzen inguruko informazioa helaraziko zaie.
“Berdintasuna etxean hasten dela ukaezina denez, bada elkarbizitza unitate eta familiei eskaini beharreko arreta bat, sentsibilizaziorako eta funtzio hezitzailean esku-hartzea izan dezaten. Nahi izatea garrantzitsua baita, hain zuzen ere, baina lan hori emankorra izan dadin tresnak ematea da programa honen helburua: erantzunkidetasuna zer den ikastetik haratago, gure bizitza pertsonal zein kolektiborako ezinbesteko konpetentzia eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean oinarrizko urratsa dela barneratzea”.
Ikastetxe bakoitzeko gurasoei bi saio eskainiko zaizkie. “Esate baterako, erantzunkidetasunak berdintasunerako estrategia gisa erabiltzearen onurak, maskulinitate eta feminitate eredu tradizionalaren aurrean familiatik eredu berriak transmititzearen beharra, edota familiak genero sozializazioan duen eragina”.
Landuko diren gaiak
- Landuko diren helburuak ondorengoak dira:
Genero sozializazioan familiak edo elkarbizitza unitateak betetzen duen papera zein den aztertzea, eta honek emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean duen garrantzia barneratzea. - Genero esterotipoen transmisioan eta sexuaren araberako lanaren banaketan familak edo elkarbizitza unitateak duen eragina aztertzea.
- Zaintza, lan eta etika gisa. Zaintzaren bitartez, bizitza erdigunean jarri eta horren iraupenerako ikuspegi funtzionala eta etikoa lantzea. Gure haurrak zaintzaren etikan eta izaera enpatikoan heztearen garrantzia barneratzea.
- Maskulinitateak. Erantzunkidetasunaren barne, gizonen arduraren inguruko azterketa. Aitatasun eredu berrien garapena eta bere onurak ikusaraztea.
Metodologia
Saio horiek burutzeko metodologiari dagokionez, “parte-hartzaileek euren ibilbide propioa eraiki dezaten nahiko genuke, bakoitza bere esperientziatik abiatuta. Egunerokotasunari lotuak eta osatzen dugun taldeari egokituta, hizkuntza, adin tarte, ulermen maila eta honelakoak kontuan hartuta; eta ez bakarrik teorian oinarrituta, praktikoa baizik, ariketekin, hausnarketekin… Horretarako euskarri moduan koaderno bat presatu dugu parte-hartzaile bakoitzarentzat, aurkezpen bat, bideoak eta ariketak. Guztia hezkidetzan oinarrituta”.
Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, “gizarte aurreratu eta modernoa izateko ezinbestekoa dugu emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitzeko eta guztion bizitza aukera-berdintasunean garatzeko” lana. Hori lortzeko “palanka nagusietako” bat da kontziliazio erantzunkidea, Elgarrestaren esanetan.