Goierritarrak puntan
Eskualde mailako ekimen zabal ugari lantzen ziren duela 15 urte .Goierritik kanpora ere zeresana ematen zuten, kulturan nahiz kirolean .Errusian izan ziren areto futbolari batzuk, lehiatzen
Egunkaria auziak lerroburuak eta orrialdeak hartzen jarraitzen zuen, duela 15 urte. Auzipetuek Madrilen deklaratu zuten, Txema Auzmendi ordiziarrak tartean. Akusazio guztiak gezurtatu eta ukatu zituzten.
Eskualdeari begirako proiektuak pil-pilean ziren, bestetik. Goierriko 13 musika taldek eskaintza bateratua aurkeztu zuten Durangoko Azokan, kolektibo gisa gida bat eginda. Segura Irratiak antolatutako Aizkorpeko bertsolari txapelketak ere bertako nahiz kanpoko bertsolari asko inguratu zituen. Iker Zubeldia zegamarrak irabazi zuen azkeneko kanporaketa.
Beasainen, Goiztiri AEK-k lokal berria ireki zuen, Urbialde plazapean, Goierriko Hitzaren erredakzio nagusiaren alboan. Zubi luzea izan zen 2004ko abenduan, 5 egunekoa. Turista askok igaro zuten oporralditxoa Goierriko landetxeetan.
Gizartean, Urretxun eta Zumarragan Intsumisio Taldea aurkeztu zuten, «espainiar eta frantziar inposaketei aurre egiteko». Idiazabalen, gaztetxeak lau urte zeuzkan duela 15, eta agertokia eraiki eta txukundu bat eman zioten gazteek.
Erraustegia hizpide zen jada. Ezker Batua alderdiak haren ondorio kaltegarriez ohartarazteko liburua argitaratu zuen. Bien bitartean, Olaberrian, Goierriko Nekazari Kooperatiban pentsu ekologikoa ekoizten eta saltzen hasi ziren.
Kirolariak goi mailan
Joseba Beloki ziklista lazkaotarrak urtebeterako Liberty Seguros taldearekin fitxaketa egin zuela albiste izan zen. Manolo Saizen ondora itzultzea garrantzitsu jo zuen. Zugaitz Ayuso itsasondoarra ere ziklo-krosean punta-puntan zebilen. Montjuicen bigarren eta Aizarnazabalen irabazi egin zuen, egun haietan.
Areto futboleko euskal selekzioan goierritar ugari ari zen. Errusian, 3. bukatu zuten Europako Txapelketa. Ibon Zoilo zaldibiarrak, Arabiar Emirerri Batuetan hiru hilabete lan egin zuen, futbol talde batean.
Kulturan, Agurtzane Elustondo musikari legazpiarrak Kursaalen jo zuen, Nazioarteko Trikiti Jaialdian. Garikoitz Mujika kazetari olaberritarrak Gazte matxinada liburua idatzi zuen, eta Sara Zufiaurre musikaria Euskadiko Gazte Orkestrarekin Txinara joatekotan zen. Josu Altzelai argazkilari legazpiarra, berriz, saririk sari zebilen.
Astigarretan (Beasain) eliza berritzen hasi ziren.