Gune gorriko txartelak kobratzeari utzi eta isunen prezioa jaitsiko du udalak
Aparkaleku mugatuko eremuak arautzen dituen udal ordenantza aldatzea onartu du Ordiziako udalak. Egoiliarrek, momentuz, doan eskuratu ahalko dute txartela.
Aparkaleku mugatuko eremuak arautzen dituen udal ordenantza aldatzea proposatu zuen Ordiziako udal gobernu taldeak azaroko udalbatzan. Proposamenean hemendik aurrera eremu horretako isunen prezioa jaistea eta egoiliarrek txartela ez ordaintzea jasotzen zen. Alde bozkatu zuten EH Bilduk (7), EAJk (7) eta Ordizia Orainek (2), eta PSE-EEk abstentziora jo zuen. Beraz, proposamena onatu zen.
Aurreko legealdian, Ordiziako hainbat eremutan aparkatzeko arazoak zeudela eta, udal gobernuak gune gorria sortu zuen, Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Joseba Rezola kaleetan. 201 aparkaleku daude gune gorriaren barruan eta baldintza batzuk daude ezarrita eremu horretan aparkatu ahal izateko. Hori betetzen ez duenak isuna jasotzen du. Orain arte, 200 eurokoa izan da isun hori. Gaia udalbatzan landu eta onartu ondoren, 40 euroko isuna jasoko du gune gorrian gaizki aparkatzen duenak, herriko beste eremuetan bezala.
Txartelak doakoak
Gune gorriko baldintzetako bat egoiliarrek bertan aparkatu ahal izateko, udaletxean txartela eskatu eta txartel hori ordaindu behar dutela da. Ordiziako Udalak ezagun du aparkatzeko arazoa eta beharrezkotzat jotzen du herri osorako aparkaldi mugatuko sistemaren azterketa egitea. Hori abian jarri arte, egoiliarren txartela ez da ordaindu beharko, auzo bakarrean dagoelako soilik.
Lanketa egiten dutenean eta aparkatzeko sistema orokor bat ezartzen dutenean, lehen txartelaren prezioa 20 eurokoa izango da, eta bigarrenaren prezioa 75 eurokoa.